AKTUALITATEA


| 2024-03-13 10:25:00

EHUko ordezko irakasleen hirugarren greba egunaren ostean, EH Bilduk Kongresuko kontrol saiora eraman du Euskal Herriko Unibertsitatean ordezkapenak egiten dituzten irakasle eta ikertzaileen aldarrikapenak. Ildo horretan, LOSU Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren 80.1b) artikuluaren interpretazio anbiguo eta murriztaile baten ondorioz pairatzen dituzten baldintza prekarioak salatu ditu.

EH Bilduko diputatu Marije Fullaondok Diana Morant Unibertsitate ministroari eskatu dio arazoari konponbide bateratu eta behin betikoa topatzeko ahalik eta lasterren. "EHUk artikulu hori era murriztailean aplikatzen du, eta irakasle titularren ordezkapenak jasotzen zituzten kontratuek jada ez dute ez ikerketa, ez koordinazioa ezta kudeaketa ere barnebiltzen", salatu du Fullaondok.

Senatuan emandako erantzunean, Morant ministroak konpromisoa hartu du EH Bildurekin, EHUko ordezko irakasleen baldintzak prekarioak konpontzen saiatzeko eta kontratu duinak izan ditzaten. "Badakit LOSUren aplikazioak aldi baterako egoera ezohikoak sortu dituela. Irakasle horiek unibertsitateetan behar bezala kontratatuta egotea nahi dugu. Jakin badakizue, EHUko errektoreak ere badaki, prest aurkituko gaituzuela ordezko irakasleen eskubideak aitortzen dituen konponbidea bilatzeko". Gaineratu du: "Ez izan zalantzarik, ez dugu inoren eskubiderik utziko bermatu gabe. Ildo horretan lanean jarraitzeko nire konpromiso irmoa duzu".


800 euroko soldata

Ordezko 850 irakasle inguruko kolektibo batez ari gara; LOSUko artikulua ezarrita, 800 euro inguru kobratzen ari dira, LOSUren aurretik 2.200 euro inguruko soldata zutenean. "Estutasun horren ondorioz, irakasle titularren baja asko ez dira betetzen ari, eta, beraz, irakasgai batzuk ez dira ematen ari. LOSUren artikuluaren interpretazioaren ondorioz prekarietatea eta irakaskuntzaren kalitatea murrizten ari da, eta, gainera, talentuen ihes egitea bultzatzen du", ohartarazi du diputatu subiranistak.

Ministroaren zehaztasun faltaren aurrean, ordezko irakasleek eskatzen duten konponbidea lortzeko lanean jarraituko du EH Bilduk. "Hori da gure konpromisoa. Presioa egiten eta negoziatzen jarraituko dugu, eskatzen duten konponbidea gauza dadin", nabarmendu du Fullaondok, eta eskua luzatu dio gobernuari "gaurtik hasita" arazoa lehenbailehen konpontzeko.