Lan istripuek edo gaixotasun profesionalek eragindako lesio iraunkorren kalte-ordainak eguneratzeko eskatu dio Senatuak Espainiako Gobernuari, EH Bilduren ekimenez. Idurre Bideguren senatariak defendatutako mozioak 2011ko abendutik 2022ko abendura metatutako KPIa oinarri hartzea proposatzen du, joan den astean Gizarte Segurantzako ministro Jose Luis Escrivak EH Bilduri baieztatu zion bezala.
EH Bilduren egitasmoak 150 senatariaren babesa jaso du; 107 senatarik abstentziora jo dute eta bakarrak ere ez du aurka bozkatu. Igoera %20 ingurukoa izango dela zehaztu zuen ministroak eta, orotara, 14.000 pertsonari egingo die mesede Espainiako Estatuan. EH Bilduko senatariarekin hartutako konpromisoa betez, araudi aldaketa ministerioaren agindu baten bidez egingo dela azaldu zuen Escrivak, datorren urtearen hasieran indarrean sar dadin.
Kalte-ordain horien baremoa eguneratzeko beharraz gain, datorren urte hasieran indarrean sartzeko konpromisoa hartu zuen Escrivak. "Pozik nago, ministroaren konpromiso publiko argia eta Senatuko gehiengoaren babesa lortu dugulako, baina onartzen dut hondar ale bat dela, oraindik lan asko baitago egiteko. Jakin badakigu, kalte-ordainak eguneratuta ere, ez dugula lortuko lesio horiek jasan dituzten pertsonei eragindako kaltea erabat ordaintzea", nabarmendu du Bidegurenek.
Indarra prebentzioan
Ordezkari subiranistaren hitzetan, minutu bateko isiluneetatik harago, ezbehar tasa ahalik eta gehien murriztea izan beharko litzateke indar politiko guztien helburua, eta dei egin du neurri zehatzak adostera "pertsonak lanean hil edo gaixotu ez daitezen". Bideguren senatariak prebentzioan jarri du arreta berezia: "Lehentasuna prebentzioak izan behar du, beti. Lanak eragindako langileen heriotzak eta gaixotasunak saihestu behar ditugu, ez bakarrik gizatasunagatik, baita lehiakorragoak izateko ere".
Senatuaren gehiengoaren babesa eskertu du Bidegurenek, baina aurretik bide luzea dagoela argitu du: "Asko dago egiteko, eta lanean jarraituko dugu behin betiko soluziobideak topatzeko eta lantoki osasungarri eta seguruak lortzeko". Qatarko Munduko Txapelketari buruz ere mintzatu da. "Ez da onargarria eta ezin dugu beste aldera begiratu Munduko Futbol Txapelketarako zelaiak eraikitzeko lanen ondorioz 6.500 langile hil direnean. Heriotzen aurrean ezer ez esatea, ezikusiarena egitea edota ikerketarik abian ez jartzea lotsagarria da", salatu du.
Kalte-ordainak, izoztuta 2013tik
Kalte-ordain horren zenbatekoa baremo baten arabera finkatuta dago 1969az geroztik, eta urteotan hainbat alditan eguneratu dute. Azkenekoz 2013an, KPIaren bilakaera kontuan hartuta. Ordutik, baina, gobernuak ez du inolako igoerarik ezarri. Baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorrak dituzten pertsonen kalte-ordainak 9 urte egon dira izoztuta; bitartean, zirkulazio istripuak izan dituztenen kalte-ordainak sistematikoki gaurkotu ditu gobernuak.