Kongresua-Senatua

Albisteak

EH Bilduk Pedro Sanchezi ohartarazi dio ez duela onartuko lan erreforma eta Mozal Legea indargabetzeko «proposamen epelik»


EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua kezkatuta agertu da "patronalaren zerbitzura eginiko lan erreformaz eta Mozal Legearen indargabetze mugatuaz". Kongresuko kontrol saioan, Pedro Sanchezi eskatu dio hausnartu eta gogoratu dezala norentzat gobernatzen duen: "Ez da nahikoa eskuineko alderdiengandik ezberdintzea, ekintzekin frogatu behar da desberdintasun hori. Ez da patronalaren aurrean amore emateko momentua, langileen eskubideen alde egitekoa baizik".

| 2021-12-22 09:51:00

 

Asteazken honetako kontrol saioan, EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak Pedro Sanchezi ohartarazi dio ez duela onartuko lan erreforma eta Mozal Legea indargabetzeko "proposamen epel eta deskafeinaturik". Bi urte igaro dira PSOEk eta Unidas Podemosek lan erreforma bertan behera uzteko eta 2012an kendutako eskubideak berreskuratzeko konpromisoa hartu zutenetik, baita Mozal Legearen ordez adierazpen askatasuna bermatuko duen lege berri bat onartzea hitzartu zutenetik ere. Gobernu akordioan jasotako neurriak beteko ote dituen galdetu dio Aizpuruak Sanchezi; gobernuburuak honakoa erantzun dio: "Egingo dugu, bai. Ordezkatzen dudan gobernua eragile sozialekin eta patronalarekin lanean ari da lan erreformarik onena lortzeko. Eragile sozial guztien adostasuna duten erreformek bakarrik irauten dutelako luzaroan".

EH Bilduko ordezkariak talde subiranistaren "kezka eta ezinegona" helarazi dio Sanchezi, susmoa baitu bi neurri horiek ez direla erabat indargabetuko, duela bi urte hitzeman zuten bezala: "Hitzak hitz, badirudi ez duzuela beteko lan erreformaren eta Mozal Legearen indargabetzea. Kezkatuta gaude, emandako hitza bete ezean, milaka langilek ikusiko dute ezkerrak ez dizkiela itzultzen eskuinak kendu dizkien eskubideak, eta zuengan konfiantza izan zuten milioika pertsona atsekabetuta sentituko dira berriro. Eta badakigu horren ostean zer datorren".
 

Ez da patronalaren aurrean amore emateko unea

Aizpurua kritiko mintzatu da "patronalaren zerbitzura egokitutako lan erreformaz eta Mozal Legearen indargabetze mugatuaz", dirudienez adierazpen eta biltzeko askatasunaren murrizketari eutsiko diolako. "Arazoa ez da Kongresuko ezkerreko indarrak asetuko ez dituela, herritarren aurreikuspen eta itxaropenak beteko ez dituela baizik. Ez da nahikoa eskuineko alderdiengandik ezberdintzea, ekintzekin frogatu behar da desberdintasun hori. Horregatik esaten dizuegu, Sanchez jauna, Calviño andrea eta Diaz andrea, neurri epelek eta deskafeinatutako proposamenek ez dutela balio", ohartarazi du.

EH Bilduren arabera,  2012an kendutako eskubideak berreskuratzen ez dituen lan erreforma batek ez du Euskal Herriko gehiengo sozial, politiko eta sindikata asetuko; ezta gutxiagorik ere. Hori dela eta, hitzarmenen estatalizazioa amaitzea ezinbestekotzat jo du ezkerreko indar subiranistak, autonomia erkidegoetako eta probintzietako itunen blindajea lehenetsita. "Ez da patronalaren aurrean amore emateko momentua, langileen eta haien eskubideen alde egitekoa baizik", zehaztu du. Aizpuruak Sanchezi eskatu dio hausnartu eta gogora dezala norentzat gobernatzen duen: "Hartzen dituzuen erabakien ondorioez jabetzea eta erantzukizunez jokatzea espero dugu; horretara bultzatuko zaituztegu. Aukera alferrik ez galtzea espero dugu".