AKTUALITATEA


| 2021-03-17 11:06:00

Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak Mikel Zabalzaren heriotzari buruz egindako adierazpenak «onartezinak eta mingarriak» direla adierazi du Euskal Herria Bildu talde parlamentarioak. Mertxe Aizpurua bozeramaileak salatu duenez, Barne ministroak bertsio ofiziala goraipatu du, bere garaian «ikerketa judizial ezinhobea eta konplexua» egin zela defendatuz eta alde batera utziz Zabalzaren heriotzagatik oraindik inork ez duela ordaindu. «Marlaskak, gainera, auzitegien esku utzi du auzia berriro irekitzea, eta torturaren praktika sistematikoa onartzea saihestu du, salbuespen kasu apur batzuetara mugatuz», ohartarazi du Aizpuruak.

Ezkerreko indar subiranistaren ordezkariaren arabera, Marlaskaren hitzek beste behin erakusten dute Estatuko botereek tortura isilpean eta inpunitate osoan mantendu nahi dutela hamarkada batzuk geroago. «Guztiz onartezina da, are gehiago legearen betebeharraz horrenbeste hitz egiten diguten horiengandik etorrita. Ulertezina da Gobernuak iraganeko kasu itxitzat jotzea indar armatuetako kideen parte hartzea eta zigorgabetasuna ikertzea», salatu du Aizpuruak.
 

Berriki argitaratutako audioak

Nahiz eta Marlaskak garrantzia kendu oraintsu argitaratutako grabaketei eta botere judizialak 2004an froga gisa baztertu zituela ziurtatu arren, EH Bilduren hitzetan Guardia Zibileko goi-agintariei Mikel Zabalzari buruz egindako grabazioek Euskal Herrian bagenekiena berresten dute, eta agerian uzten dute tortura sistematikoa izan dela. «Beldurgarria da audio horiek entzutea, haien lasaitasunagatik eta zigorgabetasunagatik».

Aizpuruak azpimarratu duenez, EH Bilduk sufrimendu hori aitortzeko eta egiazko ikerketa bat martxan jartzeko eskatzen jarraituko du, Zabalzaren familiak Fiskaltzari eskatu duen bezala. EH Bilduko bozeramailearen aburuz, Gobernuak lehenbailehen hartu beharko luke esku gai honetan, Euskal Herrian torturak eragin dituen biktima guztiei egia, justizia eta ordaina bermatzeko. «Gobernuak ezin du beste alde batera begiratu froga argien eta milaka tortura kasuren aurrean».

Zabalzaren arrebak berak ikerketa berrireki dadila eskatu du, eta justizia beti «harresi gaindiezina» izan dela salatu du. Aizpuruak ohartarazi du Espainiako Gobernuak urrezko aukera duela Intxaurrondon hainbeste hamarkadatan gertaturikoa ikertzeko. «Eta ez du balio iraganeko legealdietako kontuak direla esatea eta berriro ere entzungor egitea. Gobernuak giza eskubideen urraketa guztiak argitzeko ardura du, eta justizia eskaini behar die urte hauetan guztietan tortura jasan duten biktima guztiei». EH Bilduren iritziz, bakean eta bizikidetzan aurrera egiteko pauso sendoak emateko garaia da, eta horretarako ezinbestekoa da torturak eragindako mina aitortzea.