AKTUALITATEA


| 2024-07-04 08:52:00

EH Bilduk ez du parte hartuko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide berriak aukeratzeko bozketan, ezta hura berritzeko lege aldaketaren tramitazioan ere. Hala iragarri du gaur EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua, PSOEk eta PPk adostutako Lege Proposamenaren eztabaidan. «Ez dugu sekula egin, eta kasu honetan gure jarrera ez da ezberdina izango», nabarmendu du.

Ordezkari subiranista kritiko mintzatu da, PSOE eta PPren proposamenak botere judizialaren arazo nagusia konpontzen ez duela iritzita: justiziaren politizazio eta instrumentalizazio etengabea, herritarrek demokratikoki hautatutako ordezkari publikoen zilegitasuna eta erabaki politikoak zalantzan jartzeko: «Espainiako goi estamentu judizial guztiak, izan Botere Judizialaren Kontseilua, Auzitegi Gorena, Auzitegi Konstituzionala edo Auzitegi Nazionala, 78ko erregimenaren funtsezko zutabeak dira. Espainiaren batasuna eta hortik eratorritako pribilegioak mantentzea dute helburu».

EH Bilduren iritziz, 78ko erregimenaren zutabeei men egiten dien akordioa ez da ezeren bermea. «Ez duelako ziurtatzen etorkizunean ez dela errepikatuko urteotan ikusi dugun blokeo onartezina. Eta are larriagoa dena: akordio honek ez duelako lawfare estrategiarekin amaituko, orain arteko izaera antidemokratikoa betikotu baizik».

 

Independentzia judizialik eza

Aizpuruak gogorarazi du botere judizial horiek hamarkadak daramatzatela Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako independentistak kriminalizatzeko lanean, baita Estatuko ezkerreko mugimendu sozial eta politikoen aurkako borrokan ere: «Ondorioa da ez dagoela independentzia judizialik. Haien oldarraldiari lehenago aurre egin ez izanak, batzuei bakarrik eragiten zienean, ukiezinak eta zigorrik gabeak izatearen sentsazioa hedatzea eragitea eragin du. Orain batzuek lawfare deitzen diote, beste batzuek gerra judiziala eta beste batzuek fango-a. Guk 78ko erregimena deitzen diogu»

EH Bilduren aburuz, hortaz, PSOEren eta PPren arteko akordioak betikotu egin dezake zigorgabetasunean oinarritutako estrategia hori: «Botere Judizialaren Kontseilua eta beste goi estamentu batzuk izen berriekin eguneratu daitezke. Batzuk aurrerakoiagoak eta beste batzuk kontserbadoreagoak izan daitezke, baina horrek ez du bermatzen herritarren erabakiak errespetatuko dituztenik».

 

Blokeo berrien arriskua

Ildo horretan, Aizpuruak ausardia exijitu du Espainiako aparatu judizialek ez dezaten lan egin «ultraeskuinaren proiektu erreakzionario, birzentralizatzaile, atzerakoi eta antidemokratikoaren beso judizial gisa». EH Bilduren hitzetan, PSOEren eta PPren arteko itunak ez du bermatzen hori gertatuko denik, ez doalako norabide onean, ez edukietan, ezta ikuspegi estrategikoan ere.

«Hemendik aurrera justizia desberdina izango da? Nola saihestuko dira eskuinaren blokeo berriak, kontrola arriskuan ikusten badute? Nola ziurtatuko da lawfarea ez dela sistematikoki erabiltzen jarraituko? Galdera gehiegi eta erantzun gutxi», ohartarazi du. 

 

Akordio puntuala

Pedro Sanchez presidenteak duela aste gutxi iragarri zuen erregenerazio demokratikoa ere aipatu du Aizpuruak gaurko hitzartzean. «Norbaitek benetan uste du hau izan daitekeela erregenerazio horren lehen urratsa? Argi daukagu erregenerazio demokratikoa ez dela lortuko gobernatzea lortzen ez duen bakoitzean jazarpen politikoa, judiziala eta mediatikoa bultzatzen duen alderdiarekin ados jarrita. Horren erakusgarri, Auzitegi Gorenak amnistiari buruz hartutako azken erabakia, PPren babes sutsua daukana».

EH Bilduk espero du PSOEren eta PPren arteko akordioa puntuala izatea, gehiengo plurinazional eta aurrerakoiaren eskutik eta agenda demokratizatzaile ausarta martxan jarriz bakarrik lortuko delako eskubide eta askatasunetan aurrera egitea: «Ez gara milimetro bat ere desbideratuko euskal herritarrek helarazi diguten mandatu demokratikotik». Aizpuruak gehiengo hori «berme bakar» gisa jo du eskuin muturrei atea ixteko eta aurrerapen sozial eta nazional sakonak onartzeko; une historikoaren mailan egoteko eskatu du.