AKTUALITATEA


| 2024-02-28 12:29:00

Bi urte bete dira gaur Pablo Gonzalez euskal kazetaria atxilotu eta espetxeratu zutenetik; Ukrainako errefuxiatuen iritsieraren jarraipena egiten ari zen Poloniatik. Orduz geroztik, behin-behineko espetxealdian dago isolamenduan, baldintza gogor eta latzetan, epaiketaren zain; zortzigarrenez luzatu diote espetxealdia haren aurkako frogarik izan ez arren. EH Bilduk Kongresuko kontrol saiora eraman du kazetaria jasaten ari den egoera onartezinari buruzko kezka. Jon Iñarritu diputatuak politikoki esku hartzeko eskatu dio Jose Manuel Albares Atzerri ministroari, egungo blokeoa gainditu eta Pablo Gonzalezek epaiketa justua izan dezan atzerapenik gabe.

Iñarrituren hitzetan, euskal kazetariak pairatzen dituen isolamendu egoerak «ez ditu nazioarteko itunak eta hitzarmenak betetzen». Bi urteotan familiaren bi bisita besterik ez ditu jaso, ezin izan du inoiz telefonoz senideekin hitz egin eta gutun guztiak interbenituta iristen zaizkio, baita abokatuarenak ere.

Halaber, ordezkari subiranistak gogorarazi du Poloniak ez duela behin-behineko espetxealdiaren gehienezko denbora mugatzen duen araurik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak horren inguruko hainbat ebazpen eman dituen arren. Ildo horretan, neurri horren gehiegizko erabilera kritikatu du Iñarrituk, «presoen borondatea eta defentsa haustea bilatzen duelako, beren burua erruduntzat jo dezaten».


Poloniako gobernu berria

EH Bilduri emandako erantzunean, Albares ministroak balioan jarri ditu Pablo Gonzalezek bi urteotan jaso dituen 17 bisita kontsularrak, eta nabarmendu du gobernua eskura duen guztia egiten ari dela Gonzalezen eskubideak errespeta daitezen: «Kasu hauetaz arduratzen naiz zuzenean, bereziki Pablo Gonzalezi eragiten dionaz. Bere abokatuak eta senideak enbaxadarekin harremanetan jarri diren guztietan, ahal izan dugun guztia egin dugu komunikazioa errazteko».

Albaresek ziurtatu du Poloniako Atzerri ministro berriari ahozko epaiketa lehenbailehen martxan jartzeko eskatu diola: «Otsailaren 19an egin nuen, Bruselan. Kasua zehatz-mehatz aztertu genuen, eta Poloniako Justizia ministroarekin hitz egitekotan geratu da auzia konpontzen saiatzeko». Poloniako gobernu berriak egoera desblokeatzen laguntzea espero du Albaresek, «behingoz» Pablo Gonzalezen aurkako frogak aurkeztu eta ahozko epaiketa publikoa egin dadin lehenbailehen. «Horixe eskatu diot behin eta berriz Poloniako ministroari», jakinarazi du.

«Ahalik eta lasterren ahozko epaiketa egin dadila eskatzen jarraituko dut, eta zuzenean esku hartzen eta jarraibideak ematen segituko dut, Espainiak Polonian duen enbaxadorea kasuaz pertsonalki arduratu dadin. Ez izan zalantzarik. Jarrera berbera dugu», berretsi du Albaresek Iñarritu diputatuari erantzunez.


Elkartasuna Kongresutik

Kontrol saioaren ostean, zazpi indar politikotako diputatuak (EH Bildu, ERC, BNG, PSOE, Sumar, Junts eta EAJ) Kongresuaren atarian bildu dira Pablo Gonzalezi elkartasuna adierazteko, jasaten ari den eskubide urraketa larria salatzeko eta berehalako askatasuna exijitzeko, 'Free Pablo' elkarteko kideekin batera. Kazetariaren oinarrizko eskubideak errespetatuko dituen prozesu justu baten alde lan egin dezala galdegin diote Espainiako Gobernuari.