“Frankismoaren biktimek merezi duten egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea arriskuan dago eskuinak eta ultraeskuinak agintzen duten toki guztietan”. EH Bilduren Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrietak gogor salatu ditu PP eta Vox-ek memoria demokratikoaren aurka egindako erasoak, eta arlo horretan pauso gehiago emateko eta anbizioz jokatzeko beharra nabarmendu du gaur. “Eskuineko eta ultraeskuineko populismoek indarra irabazten ari diren testuinguru honetan, harro sentitzen gara Espainiako Estatuan haien hedapena geldiarazteko erabakigarriak izan garelako”, azaldu du Elejabarrietak, PSOEk memoria demokratikoari buruz aurkeztutako mozioan eginiko hitzartzean.
Elejabarrietak zehaztu du aurreko legegintzaldian EH Bilduri esker onartutako Memoria Demokratikoaren Legea aurrerapauso ukaezina izan zela giza eskubideen arloan, baina gogorarazi du oraindik ere bide luzea geratzen dela egiteke: “Nazioarteko legeetara gerturatzen gaitu, baina ez da bidearen amaiera; aurrera egin dugu, baina oraindik asko geratzen da”.
Frankismoaren inpunitatearen itzala
EH Bilduren bozeramaileak salatu du Senatuak omendu egiten dituela frankismoarekin eta giza eskubideen urraketa larriekin zerikusia izan zuten pertsonak. “Zer esan ez oraindik zigorrik gabe jarraitzen duten tortura kasuen inguruan. Oraindik ere, Josu Muguruza da aitortza instituzionalik jaso ez duen hildako diputatu bakarra; 1989ko azaroaren 20an erail zuten”.
🔴 @G_Elejabarrieta recuerda a Josu Muguruza, el único diputado en activo asesinado al que se le niega cualquier reconocimiento institucional.
— EH Bildu Congreso - Senado (@EHBilduCongreso) November 21, 2023
Todavía hoy el Senado rinde homenaje a franquistas y responsables de vulneraciones de derechos humanos como Manuel Fraga o Martin Villa. pic.twitter.com/3gVtO30MsO
Ildo horretan, Elejabarrietak ohartarazi du frankismoaren inpunitatearen itzalak indarrean jarraitzen duela gaur-gaurkoz, eta "autokonplazientzian" ez erortzeko deia egin dio PSOEri: “Ezin gara soilik defentsara eta eskuinaren eta ultraeskuinaren erasoen salaketara mugatu. Asko dugu egiteko eta elkarrekin egin behar dugu, elkarte memorialista eta biktimekin batera, justizia, egia eta erreparazioa lortu arte”.
Kezka Argentinako egoeraz
Olatu erreakzionarioaren gorakadaren adibidetzat jo du bozeramaile subiranistak Argentina egoera. Elejabarrieta kezkatuta mintzatu da Javier Milei ultraeskuindarraren garaipenaz, eta gogora ekarri du Argentinako diktadura odoltsuak eragin zituen 30.000 desagerpenak ukatzen dituela. “Ez dezagun ahaztu Mileik Rajoy, Ayuso edota Vox-en babesa duela. Nire burua oraintxe bertan Maiatzaren 2ko Plazako Amekin dago, amonekin, seme-alabekin eta memoriaren elkarte guztiekin. Nora Cortiñas, Estela de Carlotto, Adolfo Pérez Esquivel eta beste hainbesterekin. Zuen alboan jarraituko dugu”, amaitu du.