AKTUALITATEA


| 2021-10-19 18:03:00

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak akordioa lortu du gaur PSOE eta Unidas Podemosekin, etxebizitzari eta oinarrizko hornikuntzei buruzko neurriak «beharrezkoa den bitartean» mantentzeko. Espainiako Gobernua osatzen duten alderdiek neurri horiei eusteko konpromisoa idatziz hartzea lortu du EH Bilduk, «izaera iraunkorreko beste mekanismo batzuk indarrean sartu arte». Horri esker, mekanismo berriak onartzen diren bitartean, neurri sozialak behar den denboran luzatuko dira. Horrela, familia, pertsona eta kolektibo ahulenek etxegabetzeen eta oinarrizko hornidura-mozketen aurkako babesa izaten jarraitu ahal izango dute.

Zehazki, honako hauek dira lortutako akordioak: energia elektrikoaren, gas naturalaren eta ur horniduraren mozketak behar den denbora debekatzea, bizitoki-alternatibarik gabeko etxegabetzeak etetea eta alokairu-errentaren ordainketa aldi baterako atzeratzea egoera zaurgarrietan. Neurri horiek Lege Dekretu bidez luzatuko dira datorren urriaren 31 baino lehen, egun horretan amaitzen baita ezarritako epea. Hala jaso dute hiru talde parlamentarioek gaur arratsaldean izenpetutako idatzian.

 

Kolektibo ahulenak babesteko pausoa

EH Bilduk balioan jarri du lortutako akordioa, pandemiak eragindako krisi sozioekonomikoaren ondorioz egoera latzean edota bazterketako arriskuan dauden pertsonen beharrei erantzungo diela iritzita. Oskar Matute bozeramaileordearen hitzetan, gaur erdietsitakoa pandemiak gogorren jo dituen sektoreen egoera zertxobait arintzeko aurrerapausoa da. «Ezkutu soziala, etxebizitza duina, energia, argia eta ura oinarrizko eskubideak badira, horiek bermatzeko eta betiko blindatzeko eremuak bilatu behar ditugu. Gaur erdietsitako akordioa norabide horretan doa», nabarmendu du.

EH Bilduk positiboa deritzo Ezkutu Sozialeko aldi baterako neurrien iraupena zabaltzeari, eta txalotu egin du Espainiako Gobernuak erabaki hori babestu izana. Uste du, halaber, ezinbestekoa dela horretarako mekanismoak sortzea, egoera sozial eta ekonomiko ahulean dauden herritarrei modu eraginkorragoan aurre egiteko: «Urte eta erdi baino gehiagoan neurri horiek posible izan badira eta kolektibo ahulenak babestu badituzte, ezinbestekoa eta premiazkoa da hala izaten jarraitzea; eperik gabe, adabakirik gabe, modu iraunkorrean, betiko». Ezkerreko indar subiranistak bultzatutako Legez besteko Proposamenak Kongresuko gehiengoaren sostengua lortu du gaurko eztabaidan, eta osteguneko osoko bilkuran onartuko dute, PSOErekin eta Unidas Podemosekin adostutako erdibideko zuzenketari esker.