AKTUALITATEA


| 2022-11-17 13:30:00

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak akordioa egin du gaur Espainiako Gobernuarekin banku eta argindar enpresen irabazien gaineko zergak euskal ogasunek kudea ditzaten aurrerantzean. Konpromiso idatzia lortu du EH Bilduk zerga horiek foru ogasunen eskumen eta gaitasun fiskaletara egokitu daitezen ahalik eta azkarren, legea indarrean sartu eta hiru hilabeteko epean gehienez ere. Modu horretara, gobernuak atzera egitea, euskal erakundeetan eskumenak errespetatzea eta autogobernua defendatzea erdietsi du EH Bilduk.

Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioari esker, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Ogasunen eskumenak blindatuko dira, eta erakunde horiek kudeatuko dituzte zerga berriak, euskal alderdien eskakizun nagusietako bat izanik. Autogobernuaren defentsaren aldeko EH Bilduren konpromiso irmoa berresten duen egitasmoa gaur onartuko da Kongresuko Ekonomia Gaietarako Batzordean, banku eta elektriken zergei argi berdea emateko saioan; datorren ostegunean, Kongresuko osoko bilkuran, onartuko da behin betiko.

Era berean, gobernuak txosten bat taxutzeko konpromisoa hartu du EH Bildurekin, zerga horiek egiturazkoak eta iraunkorrak izan daitezen. Ostegunera arte luzatu diren negoziazio gogorren ostean, gobernuak onartu egin du EH Bilduk eginiko eskaera, eta prest agertu da bankuei eta elektrikei ezarritako zergak iraunkorrak bihurtzeko aukera aztertzeko. Kongresuko tramitazioa hasi zenetik, EH Bilduk behin baino gehiagotan ohartarazi du ezohiko irabazien gaineko zergen irismena soilik 2022 eta 2023 ekitaldietara mugatzeak ez lukeela oinarrian dagoen arazoa konponduko, eta pozik agertu da gobernua mugitzea lortu duelako.

 

Lehen akordioa

Ildo horretan, Kongresuan duen negoziazio indar erabakigarria baliatu du EH Bilduk bankuei eta elektrikei ezarritako zergak iraunkorrak izateko bidean aurrerapausoak emateko, eta ez daitezen soilik aldi baterakoak izan, Kongresuko ezkerreko indarrek behin eta berriz aldarrikatu duten bezala. EH Bilduk lehen urrats garrantzitsutzat jo du, eta gobernua zergen indarraldia amaitu aurretik iraunkor bihurtzeko moduan egotea espero du, zentzugabea litzatekeelako ez egitea.

Hala, gobernuak azken hilabeteotako bi eskaera nagusiak onartzea lortu du EH Bilduk, aberastasunaren banaketa justu eta parekide baterantz urratsak egiteko, gehien dutenek gehiago ordain dezaten eta, oraingoan, bankuek eta argindar konpainiek beren gain har ditzaten krisi sozial eta ekonomikoaren ondorioak.

Aurtengo aurrekontuen negoziazioen esparruan eginiko lehen hitzarmena da gaurkoa, beraz, eskubideak eta askatasunak zabaltzeko bidean doana. Euskal herritarrentzat eta Estatuko langile klaseentzat hobekuntza sozialak jasoko dituen itun zabalagoa erdiestea espero du ezkerreko indar subiranistak. Negoziazioen hasieratik adierazitako borondateari eutsiz, gobernuarekin negoziatzen segituko du EH Bilduk, hurrengo egunetan akordio orokor lortzeko itxaropenarekin. Hori bai, gogorarazi du, akordioa erabat itxi arte, EH Bilduren bost botoak ez daudela ziurtatuta aurrekontuen bozketan.