AKTUALITATEA


| 2021-09-27 15:55:00

EH Bilduren ekimenez, Diputatuen Kongresuak Espainiako Gobernuari eskatu dio desagertutako edo hildako migratzaileen senideei arreta emateko bulego bat sor dezala ahalik eta lasterren. EH Bilduren proposamena Kongresuko Barne Batzordean eztabaidatu da gaur, astelehena: 19 diputatuk alde bozkatu dute, eta 16k kontra.

Giza eskubideen aldeko erakundeen gomendioetan oinarritutako proposamena da EH Bilduk bultzatutakoa, eta eragile humanitarioen aldarrikapen historikoak bere egiten dituena. Horrexegatik erabaki du Jon Iñarritu diputatuak gaia Kongresura eramatea. Hala azaldu du egitasmoaren egileak: «Hainbat erakundek adierazi dute senideentzako informazio-bulego bat sortzea oso baliagarria izango litzatekeela bai erreskaterako, bai haien senideak bizirik dauden jakinarazteko; eta ez soilik zuzeneko komunikazioan zailtasunak daudenean. Hildako edo desagertutako pertsonak identifikatzen ere lagun dezake bulegoak».

Ezkerreko talde subiranistaren ordezkariaren hitzetan, premiazkoa da migrazioen gaiari modu humanitarioan heltzea, inoiz ez neurri polizial eta errepresiboekin. Oro har, migratzaileek asiloa eskatu ahal izateko bide seguruak eta legalak ezartzearen alde egin du Iñarrituk. «Kanariar Uharteetako ibilbidea arriskutsuenetako bat da, Mediterraneoko beste ibilbide guztiek baino heriotza gehiago eragiten baititu. Iaz 600 pertsona inguru hil ziren Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen (OIM) arabera. Espainiako Estatura sartzeko lau ibilbideetan hildakoak 2.170 dira jada, Caminando Fronteras elkarteak dioen bezala», gogorarazi du Iñarrituk, gaur onartutako proposamena zehaztu ostean.

 

«Ez dago leihatila bakarrik»

Horren harira, EH Bilduko diputatuak uste du desagertutako migratzaileen senideei informazioa emateko bulego bat sortzeak milaka familiak jasaten duten «oztopo administratibo eta burokratikoak» arinduko lituzkeela. «Arreta, bilaketa, erreskate, identifikazio eta prebentzio lanetan lagunduko lieke. Ehunka pertsona bizi hobe baten bila itsasoan hiltzea drama bada haien senideentzat, are larriagoa da ez jakitea bizirik dauden edo hil egin diren».

Drama horri oztopo linguistiko eta administratiboak gehitzen badizkiogu, familia gehienek ez dakite ez norengana jo, ez nola eman senitartekoen desagerpenaren berri edo erreskaterako garrantzitsua izan daiteeken informazioa. «Ez dago leihatila bakar bat, ezta telefono zuzenik ere, desagertuen familiek datuak bildu eta eman ditzaten», nabarmendu du Iñarrituk.