Energia aurrezteko dekretuaren alde bozkatuko dute gaur Kongresuan Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioko bost diputatuek, trantsizio energetikorako politiken irismena zabaltzeko Espainiako Gobernuaren hainbat konpromiso lortu ondoren. Zehazki, azken ordura arte luzatu diren negoziazioetan, epe ertain eta luzerako begiradarekin jokatzea hitzartu du EH Bilduk Pedro Sanchez buru duen gobernuarekin neurri sakonagoen bitartez, dekretu honek jasotzen dituen aldi baterako neurriez harago:
Lehenik eta behin, 2023an klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko legean ezarritako helburuak berrikustea, birformulatzea eta azkartzea erdietsi du EH Bilduk. Berrikuspen horrek aukera emango du legean ezarritako helburuen anbizioa handitzeko, bai eta helburu horiek lortzeko prozesua bizkortzeko ere, horretarako beharrrezkoak diren inbertsioak aurreikusiz.
Bigarrenik, Espainiako Gobernuaren konpromisoa lortu du EH Bilduk, epe ertain eta luzerako estrategiak aztertzen eta planifikatzen hasteko autonomia-erkidegoen eskutik. Estrategia horien helburu nagusia sektore guztietako ekoizpen eta kontsumo ereduak modu progresiboan eraldatzea izango da, murrizketa, efizientzia eta energia berriztagarrien erabilera lehenetsiz, izan ekoizpen eta produkzio sektoreetan, izan kontsumo sozial eta publikoen ohituretan.
Adostutako neurriei esker, trantsizio energetikoari lotutako politiken irismena sektore guztietara, publiko zein pribatuetara, zabaltzea espero du EH Bilduk, eredu energetiko eta ekologiko berriari begira politika eraginkorragoak garatu ahal izateko. "Larrialdi klimatikoa uste baino erritmo biziagoan doa aurrera, eta, horregatik, trantsizio ekologikoa eta energetikoa neurri eraginkorrekin bizkortu nahi dugu. Aurki klima aldaketaren legea eguneratzeko lanei ekitea espero dugu", azaldu du Mertxe Aizpuruak.
Egiturazko neurriak, ez aldi baterakoak
Dena dela, EH Bilduren ordezkariak berretsi du, dekretuan proposatutako aldi baterako neurriez gain, egiturazko neurri ausart eta iraunkorrak hartzeko garaia dela: "Larrialdi klimatikoa asko azkartzen ari da, eta aldaketak abiadura handian ari dira gertatzen. Bizkortasunez eta determinazioz mugitzen ez bagara egungo ekoizpen, kontsumo, energia eta klima ereduak eraldatzeko, pikutara joango gara. Bai, jaun-andreok, pikutara".
Aizpuruaren iritziz, ezinbestekoak da norabide aldaketari ekiteko egiturazko neurriak onartzen hastea; planetaren mugak eta baliabideak kontuan hartuko dituen paradigma berri bat. "Etor daitekeenaz jabetu eta horren arabera jokatzen hasi ezean, oso denbora laburrean ez da atzera bueltarik izango, eta damutu egingo gara gure esku zegoen guztia ez egiteaz", nabarmendu du.
Elkarrizketa faltaz kezkatuta
Energia aurrezteko eta garraioa publikoa erabiltzeko proposatutako laguntzak positibotzat jo ditu EH Bilduk, eta norabide onean doazela uste du. Neurri horiek trantsizio energetiko eta klimatikoko helburuak handitzeko lortutako akordioari gehituta, alde bozkatzea erabaki du ezkerreko indar subiranistak. "Gainera, dekretua lege proiektu gisa tramitzeak aukera emango digu ekarpenak egiteko eta oraindik hobetu daitezkeen eta hobetu behar diren zenbait gai zuzentzeko", adierazi du Aizpuruak.
Hala ere, EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak gobernuari ohartarazi dio autonomia erkidegoekin eta Kongresuko taldeekin izandako elkarrizketa falta —negoziazioak azken orduan hasi zituen gobernuak, dekretua Ministroen Kontseiluan onartu ondoren— ez dela "gehiengo aurrerakoi eta plurinazionala indartzeko formularik onena". "PSOEko jaun-andreok, egin itzazue gauzak ongi, hitz egin ezazue indar politikoekin, proposamenak entzun eta adosteko. Garai gogorrak datoz, bai, eta denok maila eman beharko genuke, baina lehenengo erantzule eta arduradunak zuek zarete. Eskuina negazionismo klimatikoan kokatua dago, ez espero ezer haiengandik".