AKTUALITATEA


| 2021-06-07 16:32:00

Espainiako Estatuan COVID pasaportea indarrean sartu den egun berean, ziurtagiri digitala erabili ahal izateko proben doakotasuna eskatu du gaur Kongresuan Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak. Oraindik txertorik jaso ez duten herritarrengan sor dezakeen diskriminazioaz kezkatuta, ezkerreko indar subiranistak Legez besteko Proposamena aurkeztu du gaur Kongresuan, Osasun Batzordean eztabaida dadin. Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak Espainiako Gobernuari eskatu dio baliabide propioak jar ditzala COVID pasaportea lortzeko testen doakotasuna bermatzeko.

Egitasmoaren egile Ruiz de Pinedok uste du premiazkoa dela oraindik txertoa jasotzeko aukerarik izan ez duten herritarrengan sor dezakeen diskriminazioa iraultzea. Izan ere, gaur-gaurkoz, immunitatea lortu ez duten herritarrek test negatibo bat aurkeztu beharko dute nahitaez bidaiatu ahal izateko, proba horri dagozkion gastuak ordainduz. "Diskriminazio egoera baten aurrean gaude oraindik txertoa hartu ezin izan duten guztientzat, txertoa jaso duten pertsonek edo immunitatea dutenek ez dituzten karga ekonomikoak hartu beharko dituztelako beren gain", ohartarazi du EH Bilduren Osasun bozeramaileak.

Agiri horren bidez, herrialde batetik bestera bidaiatu ahalko dute herritarrek, baldin eta ziurtatzen badute txertatuta daudela, PCR proban negatibo eman dutela edo gaitza pasatu dutelako antigorputzak dituztela.

Funts propioak doakotasunerako

Horretarako, Ruiz de Pinedok Espainiako Gobernuari eskatu dio baliabide eta funts propioak jar ditzala, Espainiako Estatuan bizi diren eta COVID ziurtagiri digitala erabili nahi duten herritar guztiei proben doakotasuna ziurtatzeko; uztailaren 1etik aurrera Europan zehar bidaiatzeko ezinbestekoa izango den pasaportea gaur jarri dute indarrean Espainiako Estatuan, froga modura.

EH Bilduk gogorarazi du Europako Parlamentuak oniritzia eman diola berriki pasaportea erabiltzeko beharrezko probari doakotasunari. Europako Batzordearen eta Kontseiluaren ezezkoaren ondorioz, baina, ez zen aurrera atera probak doakoak izateko proposamena. "Testen prezioa merkatzera bideratutako 100 milioi euroak ez dira aski, are gehiago txertaketa prozesuaren egungo bilakaera kontuan hartuta", salatu du EH Bilduko diputatuak.