AKTUALITATEA


| 2021-06-23 11:59:00

Espainiako Estatuan COVID pasaportea indarrean sartu berritan, ziurtagiri digitala erabili ahal izateko proben doakotasuna eskatu du gaur Kongresuan Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak. Oraindik txertorik jaso ez duten herritarrengan sor dezakeen diskriminazioaz kezkatuta, Jon Iñarritu diputatuak galdera egin dio gaur Kongresuko kontrol saioan Carolina Darias Osasun ministroari. Iñarrituk Espainiako Gobernuari eskatu dio baliabide propioak jar ditzala COVID pasaportea lortzeko testen doakotasuna bermatzeko.

"Gazteena da uda honetan gehien bidaiatuko duen sektorea, txertaketa prozesuak azkenetarikoak izango direlako. Hori bai, bidaiatu nahi badute, dirutza ordaindu beharko dute, baliabide eta erosahalmen txikiena dutenak izan arren", azaldu du. Bere erantzunean, Dariasek uko egin dio COVID pasaportea lortzeko proben doakotasuna bermatzeari, nahiz egungo protokoloa gazteentzat bereziki kaltegarria izan. "COVID probak egiteko protokoloa ziurtagiri digitala indarrean sartu aurreko berdina izango da; oraingoz, behintzat", adierazi du Osasun ministroak, EH Bilduk eginiko proposamenari atea itxiz.

Iñarrituk gobernuari galdegin dio bere gain har ditzala COVID proben kostuak, oraindik txertoa jaso ez dutenak ez diskriminatzeko. Horretarako, EH Bilduk Espainiako Gobernuari eskatu dio baliabide eta funts propioak jar ditzala, Espainiako Estatuan bizi diren eta COVID ziurtagiri digitala erabili nahi duten herritar guztiei proben doakotasuna ziurtatzeko. "Ministra anderea, txertaketa prozesuak iraun bitartean, kostu horiek erakundeen gain uzteko eskatzen dizugu. Zentzuzkoa da eta, gainera, hilabete batzuetarako soilik izango da. Europako beste herrialde batzuek egin dute jada", azaldu du Iñarrituk.

Funts propioak doakotasunerako

EH Bilduren diputatuak uste du premiazkoa dela oraindik txertoa jasotzeko aukerarik izan ez duten herritarrengan sor dezakeen diskriminazioa iraultzea. Izan ere, gaur-gaurkoz, immunitatea lortu ez duten herritarrek test negatibo bat aurkeztu beharko dute nahitaez bidaiatu ahal izateko, proba horri dagozkion gastuak ordainduz. "Diskriminazio egoera baten aurrean gaude oraindik txertoa hartu ezin izan duten guztientzat, txertoa jaso duten pertsonek edo immunitatea dutenek ez dituzten karga ekonomikoak hartu beharko dituztelako beren gain", ohartarazi du EH Bilduren diputatuak. Testuinguru horretan, EH Bilduk Legez besteko Proposamena aurkeztu zuen hilabete hasieran, Kongresuko Osasun batzordean eztabaida dadin.

Iñarrituk gogorarazi du Europako Parlamentuak oniritzia eman diola berriki pasaportea erabiltzeko beharrezko probari doakotasunari eta Europako Batasunak ere neurriak hartu dituela. "Baina testen prezioa merkatzera bideratutako 100 milioi euroak ez dira aski, are gehiago txertaketa prozesuaren egungo bilakaera kontuan hartuta", salatu du EH Bilduko diputatuak.