Corcuera eta Marlaskaren agerraldi eskaerak atzera botata, gutun bonben inguruko azalpenei atea itxi die Kongresuak


| 2021-10-14 13:57:00

Kongresuko Mahaiak atzera bota ditu Jose Luis Corcuera ministro ohiaren eta Fernando Grande-Marlaska egungo ministroaren agerraldi eskaerak, eta Espainiako Gobernua salbuetsi du militante abertzaleei bidalitako bonba gutunen inguruan iritzia ematera, Corcuera ekintza horien atzean egon zela baieztatu eta egun batzuetara. Agerraldi horiei jarritako betoa salatu du EH Bilduk, «gertakari batzuen larritasuna ezkutatzen jarraitzeko saiakera» dela iritzita, Euskal Herrian hamarkada askotan gertatutakoa agerian uzten duelako.

Kongresuak lehen eskaera atzera botatzeko erabili duen argudioa hauxe izan da: «Ez dator bat Ganberaren araudiarekin, pertsona jakin baten kontrola eskatzen baitu goi-kargudun gisa bere agintaldian egindako jarduera jakin batzuei dagokienez». Berriki jakin da ezker abertzaleko militanteei zuzendutako bonba-gutunak Estatu aparatuek igorri zituztela; tartean, Jose Antonio Cardosa 22 urteko postariaren heriotza eragin zuena. Argitaratutako grabazioek 1988tik 1993ra Barne ministro izan zena, Jose Luis Corcuera, kokatu dute Herri Batasuneko militante eta jarraitzaileei zuzendutako bonba-gutunen atzean. Erabaki horrekin, beraz, Corcueraren inplikazio zuzena ezagutzea galarazi du Kongresuak. 

Egungo Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak ere azalpen publikoak ematea nahi zuen ezkerreko indar subiranistak, eta Emilio Alonso Manglano 1981etik 1995ra inteligentzia zerbitzuko zuzendari izandakoaren grabazioei buruz daukan informazio guztia jakinaraz zezan. Kongresuko Mahaiak, hala ere, atzera bota du agerraldia «gobernuaren eskumenekoak ez diren gaiei buruzkoa» izango litzatekeela argudiatuta.

 

Zigorgabetasuna, bere horretan


EH Bilduren aburuz, ulertezina da Espainiako Gobernuko kide ohien parte-hartzea eta inplikazio zuzena ikertzea «gobernuaren eskumenetatik kanpo dagoela» esatea. Horrek begi bistan uzten du, EH Bilduren hitzetan, gertatutakoa argitzeko eta ikertzeko interes falta, baita gisa honetako eskandalu honen inguruko isiltasun mediatikoa ere: «Urteotan ez da Estatu Terrorismoa ikertu eta, hori gutxi balitz, gertatutakoa nahita ezkutatu da, edozein ikerketa oztopatuz. Ez da kasu isolatu bat. Gertakari larria da, eta agerian uzten du Euskal Herrian hainbat hamarkadatan gertatutakoa. Espainiako Estatuak alfonbrak altxatzeko eta biktima guztiei egia, justizia eta erreparazioa bermatzeko unea da».

Era berean, azken astean «gertatutakoa frogatzeko, lehenik eta behin gertatu zena ikertu eta argitu» behar dela esan dutenei zuzendu zaie alderdi subiranista. Borondate falta leporatu die EH Bilduk. «Beste behin ere agerian geratu da ez dutela inolako interesik egia osoa ezagutzeko eta argitara ateratzeko; aitzitik, egia hori ezkutatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute, gertatutakoa argitzeko edozein ahalegini trabak jarriz», ohartarazi du, «oraindik gerra zikineko gertakari gehiago argitzeke» daudela gogoraraziz.