AKTUALITATEA


| 2021-04-19 16:19:00

"Bardeako tiro eremura eta ariketa militarrak egitera bideratzen diren baliabide ekonomikoak gastu soziala handitzera eta pandemiak eragindako beharrei erantzuna ematera bideratu beharko lirateke". Irmo mintzo da Bel Pozueta. EH Bilduren Nafarroako diputatuak eskari historikoa eramango du asteazkenean Kongresuko kontrol saiora, urteetako aldarrikapenen ostean konpondu gabe jarraitzen duena: Bardeako tiro eremuaren desegitea eta behin betiko itxiera.

Pozueta diputatuak defendatuko du Margarita Robles Defentsa ministroari zuzendutako interpelazioa, eta aste honetarako iragarritako ariketa militar berrien egun berean eztabaidatuko da Kongresuan. Hala jakinarazi du Bardeako Komunitateak. Beste behin bonbaz beteko da Bardeako zerua, eremu militarraren inguruko zonaldea itxita egongo baita astearte eta asteazkenean zehar. Espainiako Gobernuak, beraz, azalpenak eman beharko ditu nahitaez EH Bilduren egitasmoak bultzatuta.

Tiro eremutik gertu bizi diren herritarrek jasaten dituzten zaratek eta dardarek eragindako etengabeko eragozpenen aurrean neurririk hartuko ote duen galdetuko dio Pozuetak Roblesi: "Jakitun da Defentsa Ministerioa Bardeako tiro eremuaren inguruko bizilagunen artean dagoen egonezinari buruz? Ohartu al da? Ezagutzen ditu urte guzti hauetan sortu dituen eragozpenak? Besoak gurutzatuta jarraituko du? Armadaren maniobrak ez dira eten Tutera eta Corellako hiriguneetan. Istripu-arriskuak ere bere horretan dirau, azken hamarkadetan tiro eremuari lotuta 30 istripu larri baino gehiago gertatu ondoren", gogorarazi du.

Ez da bateragarria intsumiso tradizioari eustearekin 

"Behar-beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak herriei alternatibak eskaintzea, eskualdeko ekonomia suspertzeko plan bat abian jartzea. Bardeak potentzial handia dute ingurumenaren, turismoaren eta jolasaren ikuspegitik. Baliabide horien guztien kudeaketa egokia premiazkoa da, parkea eta bizi dugun errealitate ekonomiko eta soziala errespetatuz". Bardeak Parke Nazional bilakatzeko aukera behin eta berriz proposatzen dutenen aurrean, Pozuetak argi dauka. "Espainiako ejerzitoaren menpe azpiegitura militar bat izatea handikap bat da Bardean. Erabat. Ez da bateragarria parke naturalari balioa emateko helburuarekin. Gaur-gaurkoz, zoritxarrez, parkearen erabilera militarra gainerako erabileren gainetik dago", ohartarazi du diputatuak.

Halaber, EH Bilduk deritzo premiazkoa dela azalpen argiak ematea urte guzti hauetan tiro eremuan erabilitako materialari buruz eta baita eragindako gastuei buruz ere. Ziurgabetasuna eta gardentasun falta kezkagarriak dira. Oraindik argitu gabe dago urteetan zehar uranio pobretua erabili den, nahiz eta 1991n Defentsa Ministerioak ziurtatu urte horretatik aurrera armamentu homologatua erabiliko zela. "Urte horien aurretik, armada amerikarrak uranio pobretua erabili ote zuen ziurtatzea ezinezkoa da une honetan, ez baitago txosten publikorik. Eta hala balitz, milaka urtez iraungo du", zehaztu du.

Pozuetak, gainera, Nafarroaren tradizio intsumisoa goraipatuko du bere hitzartzea, soldaduska ez egiteko intsumisio mugimendua aitzindaria izan baitzen Nafarroan. Horrek bateraezina egiten du tiro poligonoa erabiltzeko erabakia. "Nafarroak argi eta garbi esan zion ezetz armadan parte hartzeari eta soldaduska egiteari, sentimendu eta borroka antimilitarista nabarmenduz", gogorarazi du.

Tiro eremuaren jatorria

1951. urtean jarri zuten martxan Espainiako armadaren Bardeako azpiegitura, frankismoaren itzalpean. Bardeako Komunitateak 2008. urtean sinatu zuen Espainiako Defentsa Ministerioarekin, 210 milioi euroren truke. Francoren diktaduraren erabakiz ezarri zen bertan, eta gaur-gaurkoz Espainiako Estatuan martxan dagoen bakarra da, Europan hedadura handiena duen tiro eremua izateaz gain: erabilera militarreko 2.000 hektarea inguru dauzka, 39.000 aparteko intereseko eremu batean.

Pozuetak oroitarazi du Bardeako tiro eremuaren irekiera gobernuarekin sinatutako akordio bati esker egin zela. Hitzarmenaren azkeneko eguneraketa 2008an egin zuten. "Alokairuaren zenbatekoa handitzea erabaki zen orduan, hitzarmena 2028ra arte luzatzea adosteaz gain. UPNk eta PSN-PSOEk ez dituzte bete 2008. urtean tiro-poligonoa desegiteko egindako promesak", salatu du, eta tiro eremua 2014an Defentsarako Interes Gune izendatu zutela gogoratu du: "Horrek aukera emango lioke Madrili lurrak desjabetzeko, baldin eta, 2028ko abenduan, inguruko udalek uko egingo baliote alokairu kontratuari; orain, urtean, zazpi milioi euro pasatxo jasotzen dituzte".