AKTUALITATEA


| 2023-11-15 14:10:00

Eskuina eta ultraeskuina boterera ez iristeko euskal herritarrei emandako hitza eta agindu demokratikoa beteko ditu EH Bilduk aste honetan. Are gehiago inbestidura honen testuinguruan. Eraso, mehatxu, irain eta frankismoaren aldeko adierazpenei arduraz eta erantzukizunez egingo die aurre EH Bilduk, eta ez du espekulaziorik egingo bizi dugun une erabakigarrian. Hala mintzatu da EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua, Pedro Sanchezen inbestidura saioko hitzartzeari buruz eginiko balorazioan: "Aukera historiko baten aurrean gaude euskal herritarren eskubide eta askatasunetan aurrera egiten jarraitzeko. Aukera leiho berri hau baliatu behar dugu lurralde eztabaida zabaltzeko eta aurreko legealdian ahaztuta geratu ziren neurri sozialetan sakontzeko".

Sanchezek iragarritako neurriak norabide onean doazela uste du Aizpuruak, baina motz geratzen direla ohartarazi du: "Ez dira nahikoa eraldatzeko. Espainiako Gobernuak ibilian erakutsi behar du bidea, aurrerapen nazional eta sozialen legegintzaldia izan dadin. Agintaldia luzea eta egonkorra izatea nahi badu, mahai gainean jarriko dugun agenda sozial eta nazionala aintzat hartu beharko du gobernuak". Ildo horretan, EH Bilduk konpromisoa hartu du neurri horiek zabaltzeko, sakontzeko eta euskal gizartearen gehiengoak eskatzen dituen neurriak onartzeko. Horren alde egingo du lan hurrengo urteetan.

 

EH Bilduren eragina

Aizpuruaren hitzetan, nazioaniztasunaren legealdia izango da bihartik aurrera martxan jarriko dena. Arazo politikoei bide demokratikoetatik konpontzeko garaia dela aldarrikatu du, eta anbizioa zein ausardia galdegin dio Sanchezi euskal herritarren erronka nagusiei erantzuteko: Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Galiziaren nazio aitortza eta neurri sozialen sakontzea. "Pedro Sanchezi aurrerapen sozialak gauzatzen jarraitzeko prest gaudela esango diogun irmotasun berarekin, oso zorrotzak eta exijenteak izango garela ohartarazten diogu. Askatasun eta eskubideetan atzera egitea erabakitzen badu, ez du gure babesa jasoko", adierazi du Aizpurua.

Akordio onuragarriak lortzen jarraitzeko borondate osoarekin ekiten dio EH Bilduk legealdi berriari, aurreko agintaldiko akordioei segida emateko asmoz: onartzen diren lege, egitasmo eta erabaki guztietan nabarituko da EH Bilduren eragina. "Inork ez dezala zalantzarik izan. Erabakigarriak gara beste indar subiranistekin batera, eta indar negoziatzaile hori erabiliko dugu gehiengo sozialaren eskubideak defendatzeko", nabarmendu du Aizpuruak. "Bihar lehen pausoa besterik ez dugu emango. Ez da ezer amaitzen.  Inbestidura garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da gobernuak bihartik aurrera gehiengoak eratzeko gaitasuna izatea eta nazio ezberdinetako agendak aintzat hartzea. Garai berri bat hasiko dugu herritarrentzat askatasun eta eskubide gehiago lortzeko. Hori da ezkerreko subiraniston konpromisoa; atzokoa, gaurkoa eta betikoa".