AKTUALITATEA


| 2022-10-27 10:57:00

Aurrekontuen negoziazioan mugitzeko eta EH Bilduren bost botoak irabazteko eskatu dio gaur Oskar Matutek Espainiako Gobernuari. Diputatu subiranistak nabarmendu du aurtengo hartu-emanetan ere gehiengo sozialari mesede egingo dioten neurri sozial eta ekonomikoak lehenetsiko dituztela, eta Maria Jesus Montero Ogasun ministroari ohartarazi dio EH Bilduren babesa "ziurtzat ez jotzeko". Hala adierazi du gaur, Kongresuan, aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketei buruzko eztabaidan.

Matutek gogorarazi du, halaber, ezkerreko talde subiranistak eskuak libre dituela eta ez duela inolako legealdi itunik edota erantzukizunik gobernuarekin. "Gure botoak ez dira gobernu honen gatibu, are gutxiago interes ekonomiko handien gatibu. Guk ez diogu ezer zor gobernu honi. Kongresuan ditugun bost botoetako bakoitza premisa bakar baten arabera aktibatzen da: herritarren aldeko neurriak diren ala ez. Eta aurrekontuetan ere berdin jokatuko dugu".

Finean, Espainiako Gobernuari dagokio EH Bilduren botoak gerturatzea eta irabaztea. Euskal herritarren eta Estatu osoko langileen bizi baldintzak hobetuko dituzten proposamen sozial eta ekonomikoekin baino ez da iritsiko subiranisten babesa. "Ez eman ziurtzat gure botoak", abisatu du Matutek, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako ezker independentistaren parte hartze zuzenik gabe aurrekontuek alternatiba posible eta egingarririk ez dutela gogoratuz: "Guk ez dugu ezer eskatzen ez guretzat ezta gure interesentzat ere; euskal herritarren bizi baldintzak hobetzeko neurrietan pentsatzen dugu beti. Euskal gizarteari bakarrik zor gatzaizkio, eta gure erantzukizuna klase herrikoi eta langileekiko da".


Ekintzak, eta ez hitzak

EH Bilduren ustez, gobernuaren aurrekontuak ez dira oso anbiziotsuak, eta oso urrun daude izaera aurrerakoiko koalizio-gobernu batek aurkeztu beharko lituzkeen aurrekontuetatik. Horregatik, negoziatzeko eta tramite parlamentarioan hobetzeko borondate irmoa eta zintzoa agertu du. Matutek Montero ministroari ohartarazi dio ez dela nahikoa eskuineko alderdien aurrean bestelako itxura izatea, eskuinaren aurrean ezberdina izan behar dela baizik. "Ez da nahikoa ezkerreko itxura izatea, ezkerrera mugitzen ari zaretela satea: ekintzekin frogatu behar da hori, ez hitzekin. Eta zuen ekintzak, beti erdizka geratzen dira. Ezkerreko indarrek derrigortuta hartzen dituzue aldez aurretik nahi ez zenituzten neurriak, eta horrek urrunago iristeko aukera ematen digu", zehaztu du diputatu suberanistak.

PSOEri zuzendu zaio Matute, ezkerreko indarrek hasieratik egiten dizkioten proposamenak aintzat har ditzaten: "Ez utzi hilabeteak eta urteak igarotzen esku hartu arte. Neurriak orain onak badira, lehen ere onak ziren. Urteetan esan diguzue alokairuak ezin zirela mugatu, etxegabetzeak debekatzea posible ez dela edota garraio publikoaren erabilera doako bonuen bidez unibertsalizatu ezin zitekeela, eta azkenean, hala egin duzue. Pentsio baxuenak, kotizazio gabekoak, igo ezin zirela ere esaten zeniguten, eta azkenean, berriro ere, horretara behartu genuen gobernua".

EH Bilduko diputatuak Monterori eskatu dio ez dezatela denbora pasatzen utzi premiazkoak diren neurriak hartzeko. "Ezkerrekoei ezetz esaten diezuen bakoitzean, herritarrak pobretu egiten dira. Ezetz esaten duzuen hilabete eta urte horietan, familiek eta langileek sufritu egiten dute, ezinezkoa den oreka bilatzeagatik edo eskatzen ditugun proposamen koherente eta zentzuzkoei ezetz esateagatik". Eta gaineratu du: "Gure eskaerei uko egitearen ondorioak ez dituzte EH Bilduk edo ERCk ordaintzen, jendeak ordaintzen ditu, oso garesti gainera".