AKTUALITATEA


| 2022-02-04 12:00:00

Argindarraren gehiegizko prezioari aurre egiteko neurri garrantzitsuak jasotzen dituen mozio bat aurrera ateratzea lortu du EH Bilduk Diputatuen Kongresuan. PSOErekin eta Unidas Podemosekin adostutako erdibideko zuzenketa bati esker, Espainiako Gobernua osatzen duten indarren konpromisoa lortu du EH Bilduk argindarraren gorakada betean prezioak manipulatu dituzten enpresa elektrikoek Europako funtsik jaso ez dezaten, "gardentasunari eta ustelkeriari buruzko araudia" urratu dutelakoan. Era berean, Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzorde Nazionalari (CNMC) sistema elektrikoari buruzko txosten zehatza galdegitea hitzartu dute, gaur egungo teknologiek elektrizitatea sortzeko dituzten kostuak bertatik bertara ezagutzeko asmoz.

Ezkerreko talde subiranistak bultzatutako egitasmoak Kongresuko gehiengo zabalaren sostengua erdietsi du: 186 diputatuk alde bozkatu dute, 154 diputatuk kontra eta 11k abstentziora jotzea erabaki dute ostegun honetako osoko bilkuran. Diputatuen gehiengoak, beraz, argi berdea eman dio prezioak finkatzeko indarrean dagoen sistema moldatzeari, Europako Kontseiluan eta Europako Batasuneko erakundeetan eskaera hori sustatuta. Herritarrek beren fakturetan elektrizitate guztia garestienaren prezioan ordaintzea saihestuko luke horrek, sinatzaileen arabera.

 

Kontrol gehiago, prezioak manipulatzeko ahaleginen aurrean

Oligopolio elektrikoaren gaineko zaintza eta kontrola indartzea ere ezinbestekotzat jo du EH Bilduk mozioaren negoziazioan zehar. Azken urtean zehar erakunde publikoen aurkako xantai eta mehatxuak gogorarazi ditu ezkerreko indar subiranistak, hain justu argindarraren prezio gorakada betean irabaziak are gehiago handitzeko asmoz. Zehazki, honela jaso dute PSOE eta Unidas Podemosekin adostutako erdibideko zuzenketan: "Energia merkatuaren arauen aurka prezioak manipulatzen eta irabaziak modu bidegabean handitzen dituzten enpresekiko zaintza indartuko da, gardentasunari lotutako betebeharrak bete ditzaten".

Azkenik, hiru indar politikoek kanpaina instituzional eta mediatikoak abian jartzea adostu dute, herritarren eta enpresen artean energia kontsumoa murrizteko neurriak sustatzeko, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko legean jasotako deskarbonizazio helburuak berrikustea eta sakontzea ere adostu dute, 2023an zehar neurri horiek izan ditzaketen bideragarritasunari eta eraginari buruz azterketa sakona egin ostean. Espainiako koalizio gobernua osatzen duten alderdiek konpromisoa hartu dute EH Bildurekin hitzartutako lege aldaketa horiek sistema elektriko hobetzeko Kongresuko batzorde ez-iraunkorraren ondorioetan txertatzeko.