Otxandioko sarraskitik 88 urte betetzen diren egun berean, EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Senatuan Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bati, Angel Salas Larrazabali, emandako kondekorazioak kentzeko eskatuz; herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen Larrazabalek.
Otxandioko bonbardaketa frankisten altxamendu militarra gertatu eta lau egunera gauzatu zuten, eta etortzear zegoen guztiaren atarikoa izan zen, Durango eta Gernikako bonbardaketen aurretik gertatu baitzen. Guztira 61 hildako eta zauritu ugari eragin zituen erasoak, eta herria erabat suntsituta utzi zuen. Hori gutxi balitz, Felipe Gonzalezen gobernuak sarraskiaren arduradun nagusietako bat saritu zuen Aireko Armadako jeneralaren ohorezko izendapenarekin, "aparteko merituak" egin izanagatik.
Injustizia horren aurrean, EH Bilduren Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrietak onartezintzat jo du 88 urte geroago sarraski horren erantzule zuzenetako batek oraindik ere dominak mantentzea. Hori dela eta, mozio bat aurkeztu du gaur Espainiako Gobernuarin "berehalako neurriak" har ditzala exijituz.
Memoria Demokratikoaren Legeak krimen faxistekin lotutako ohorezko-izendapenak indargabetzea ezartzen duela nabarmendu du Elejabarrietak. Are gehiago, apirilaren 2an, Elejabarrieta berak galdera luzatu zion gai honen inguruan Angel Victor Torres Memoria Demokratiko ministroari. Ministroak arrazoia eman zion EH Bilduri Senatuko kontrol saioan, eta "prestutasun osoa" adierazi zuen injustizia honekin amaitzeko beharrezko neurriak hartzeko.
Hitzak bai, baina ekintzarik ez momentuz, Salasen dominak oraindik indarrean daudelako. Horregatik, gobernuaren ekintza faltaren aurrean, EH Bildu aurrerapauso bat eman du Senatuan mozio bat aurkeztuz.
88 urteko injustizia
Bonbardaketa egunean gertatutakoa gogoratu du Elejabarrietak: "1936ko uztailaren 22ko goizean, Otxandio gainetik hegan zebiltzan Breguet 19 hegazkinak papelak jaurtitzen hasi ziren, eta behin ingurura hainbat pertsona erakartzea lortu zutenean, bi hegazkinak barruan zituzten bonbak jaurtitzen hasi ziren. Emaitza: suntsitutako herri bat, 61 hildako eta zauritu ugari".
Bonbardaketaren gidariek Mola jeneralaren zorion mezuak jaso zituzten, senatari subiranistak salatu duen bezala: Angel Salas Larrazabal bera Franco, Mola eta Queipo de Llanoren arteko lotura izatera iritsi zen, eta senatari lanetan ere jardun zuen. II. Mundu Gerran pilotu gisa parte hartu zuen ‘Escuadrilla Azul’ izeneko brigadarekin, Alemania Nazian integratuta zegoena. Elejabarrietak nabarmendu du EH Bilduk ez duela amore emango eta justizia egin arte lanean jarraituko duela erakunde guztietan: "Ulertezina izango litzateke gobernuak eskari hauei entzungor egitea eta neurririk ez hartzea".