Oinarrizko horniduren (argia, ura eta gasa) mozketen debekua eta galdara komunitarioen TUR4 tarifa arautua eta murriztua mantentzea adostu du EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin. Ekainaren 30ean amaituko da bi neurri horien indarraldia eta, EH Bilduk lortutako akordioari esker, Ministroen Kontseiluak datozen egunetan onartuko duen neurri sozial eta ekonomikoen dekretuan txertatuko dira; gutxienez, 2025eko urtarrilera arte luzatuko dira. Bizitoki alternatibarik gabeko familia zaurgarrien etxegabetzeak debekatzeko neurria ere 2025era arte egongo da indarrean.
Iragan urteko abenduan hitzartu zituen hiru neurriok EH Bilduk Madrilen, milaka laguni mesede egiten dien babes sozialari eusteko ezinbestekoak direnak. Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioek fruituak eman dituzte oraingoan ere, eta hurrengo egunetan onartuko den dekretuak oinarrizko horniduren mozketen debekua eta galdara komunitarioen tarifa arautuaren luzapena jasoko ditu.
Ezinbesteko babesa familientzat
EH Bilduk positibotzat jo du akordioa, baita beste neurri sozial batzuk mantentzea ere, Euskal Herriko eta Estatuko milaka familiak bizi duten testuinguru ekonomiko eta sozial zailean oraindik beharrezkoa den babesa ematen jarraitzeko. Ezkerreko talde subiranistak jakin badaki neurri horiek oraindik ez direla nahikoak pertsona askok bizi duten krisiari aurre egiteko; horregatik, legealdian zehar eskubide laboralak zein elikadura edo etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzeko lanean jarraituko duela hitzeman du, horiek baitira bizitza duin bat aurrera eramateko ezinbesteko oinarriak.
EH Bilduren iritziz, neurri horiek oinarrizko babesa emango diete milaka etxeri eta familiari, eta ziurtasun eta lasaitasun handiagoa emango diete krisi sozial eta ekonomikoaren ondorioak pairatzen dituzten pertsonei eta familiei. "Modu horretara, euskal herritarren eta Estatuko langileen bizitzen oinarrizko baldintzak hobetu nahi ditugu. Horretarako lanean jarraituko dugu", azaldu du Mertxe Aizpuruak, EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak.