AKTUALITATEA


| 2021-11-05 14:20:00

Euskal Herria Bildu Talde Parlamantarioak 30 zuzenketa partzial inguru aurkeztu dizkio Espainiako Gobernuaren aurrekontu proiektuari, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetarako beharrezko ekarpen ekonomikoak jasota. Gaur aurkeztutako proposamen sorta honako eskaera hauetan oinarritzen da, batez ere: bateria elektrikoen gigafaktoria eraikitzea, 4.0 industrian inbertsioak egitea, trenbide-azpiegitura zaharkituak gaurkotzea, bide-azpiegituretan eta euskal kostaldean hobekuntzak egitea, unibertsitateko plataforma digitalak garatzea eta euskarazko ikus-entzunezko hedabideen eduki eta baliabideak digitalizatzea.

Aurrekontu proiektua hobetzeko eta zuzentzeko galdegin dituen inbertsioen artean, Miñaoko Parke Teknologikoan (Araba) bigarren belaunaldiko bateria elektrikoen gigafaktoria bat sortzeko eskaera nabarmendu du EH Bilduk, balio-kate osoa bertan garatzeko –ekodiseinutik birziklatzeraino– eta Araba autogintzarekin lotutako trantsizio energetikoaren abangoardian kokatzeko. Nabarmentzekoa da, halaber, amiantoaren biktimei kalte-ordainak emateko konpentsazio funts bat eratzeko proposamena, erakundeek hamarkadetan ahaztutako kolektibo baten aldarrikapen historikoaro erantzunez. Kongresuko Mahaian geldiarazitako eskaera desblokeatzea eta urteetako bidegabekeria arintzea premiazkoa dela jakinda, funts hori 25 milioi eurorekin hornitzea nahi du EH Bilduk.

Horrez gain, EH Bilduk azpimarra berezia jarri du trenbide-azpiegitura zaharkituak berritzeko inbertsio zehatzetan eta aspaldidanik egiteke dauden proiektu estrategikoetan: Loiolako Erriberako aldageltokia eraikitzea dago horien artean; Euskotrenen Lasarte-Hendaia lineak eta Irun eta Brinkola lotzen dituen Renferen C1 lineak bat egiten dute bertan. EH Bilduk 20 milioi euro eskatu ditu ETSren eta ADIFen arteko hitzarmenean aurreikusitako proiektua behingoz gauzatzeko. Halaber, ezkerreko indar subiranistak hainbat zuzenketa erregistratu ditu tren geltokien irisgarritasuna hobetzeko edota Santurtzi eta Bilboko Portuaren arteko trenak eragindako zarata eta eragozpenak murrizteko. EH Bilduk proposatutako inbertsio ekonomikoek, gainera, euskal itsasadarrean proiektu konkretuak abian jartzea aurreikusi dute, Getaria, Bakio edo Plentzia moduko herrietan egonkortze, hobekuntza eta egokitze lanak aurrera eramateko.

Bestetik, EH Bilduk 3 milioi euroko eskaera aurkeztu du Estatuko Aurrekontu Orokorretan, Sestaoko Labe Garaiaren barrualdea birgaitzeko eta kudeaketa Udalari eta Eusko Jaurlaritzari lagatzeko. Helburua Bizkaiko aro industrialaren eta labe garaien aberastasunean oinarritutako proiektu bat sortzea eta turismoa erakartzea da. Era berean, Pasai-Antxoko Luzuariaga fabrika zenaren eraikina eta lursailak udalaren esku uztea galdegin du, udalak proposatutako kultur proiektua garatzeko asmoz.

 

Digitalizazioa eta euskararen defentsa

Hezkuntzari dagozkion partiden artean, tresna eta plataforma digital berriak garatzera bideratutakoak dira nagusi, unibertsitatean irakaskuntza proiektu berritzaileak bultzatzeko. Euskarazko ikus-entzunezko eduki eta baliabideak digitalizatzeko bideratutako zuzenketek ere garrantzia berezia dute EH Bilduren proposamenean; modu horretara, herritarrei edukiak errazago eskuratzea eta sektore berrietara iristea ahalbidetuko dietelako euskal hedabideei.

Azkenik, Euskal Herriko ezkerreko indar subiranistak proposatu du Nafarroako Foruzaingoko langileen erretiro-baldintzak beste polizia-kolektibo batzuenekin parekatzea. EHUren Portugaleteko egungo ingeniaritza-eskola Itsasgunea proiektu berrira egokitzeko inbertsioak 4,6 milioi eurotan handitzeko ere eskatu du; energia berriztagarrietan oinarritutako eraikin iraunkorra egingo dute bertan, eta energia zein trantsizio klimatikoari buruzko formazio zehatza eskaintzera bideratuta egongo da.