AKTUALITATEA


| 2021-05-26 09:34:00

Agindu zenuen agenda ezkertiar eta aurrerakoia garatuko duzu legealdian zehar? Kongresuko kontrol saioa probestu du EH Bilduk, asteazken honetan, Espainiako Gobernuari eskaera zuzena helarazteko: ezkerreko politikak bizkortzeko eta legealdi hasieran hitzemandako konpromiso eta agenda aurrerakoia atzerapenik gabe hedatzeko eskatu dio. Pedro Sanchez presidenteari zuzendutako galdera baten bidez, Mertxe Aizpurua bozeramaileak mahai gainean jarri ditu Espainiako Gobernuak oraindik onartzeke dituen neurriak, eta azken hilabeteotan hartu ez dituen erabakiak hartzeko eskatu dio. "Lan erreforma bertan behera uzteko, Mozal Legearekin amaitzeko, alokairuen gehiegizko prezioak arautzeko, pentsioak duintzeko, fiskalitate justuaren alde egiteko eta nazioaniztasuna elkarrizketaren eta akordioaren bidez jorratzeko eskatzen dizugu. Hori da egin behar dena, Sanchez jauna, Kongresu honetako gehiengo aurrerakoiaren eskutik".

Bidegurutze historiko batean gaudela jakinda, EH Bilduk uste du bi aukera besterik ez daudela: desberdintasun handiagoa sortzen duten ereduetan sakontzea edo desberdintasun hori desagerrarazi dezaketen ereduetarantz jotzea. Horren harira, EH Bilduko bozeramaileak eskuin muturraren agenda atzerakoiari men egitearen arriskuez ohartarazi dio Sanchezi, eta "prekarietatearen eta murrizketen paradigma errotik aldatuko duten" neurri sakonagoak hartzeko deia egin dio, eskubideak eta duintasuna berreskuratzeko bidean. "Hori da jokoan dugun guztia, Sanchez jauna. Ezkerrak eskubide eta askatasunetan galtzen duen eremu bakoitza eskuin autoritarioak irabazten du", gaztigatu du.

Halaber, Aizpuruak Espainiako Gobernuko presidenteari gogorarazi dio gehiengo sozial, sindikal eta politikoa daukala gisa horretako neurrian indarrean sartzeko. "Egizu, Sanchez jauna, presazkoa da. Bestela, eskuinak jan egingo zaitu eta urteetako borroka luzeen ostean lortutako eskubide eta askatasunak aurretik eramango dituzte", gaineratu du.

"Agenda aurrerakoia ez da iristen"

Legegintzaldia hasi eta urte eta erdira, Aizpuruaren hitzetan, "inoiz baino beharrezkoagoa da" inbestidura saioan proposatutako agenda aurrerakoi eta ezkertiarra martxan jartzea. "Gaur, eskuin erreakzionarioaren goraldiaren aurrean, kontrarreforma antidemokratiko eta zentralizatzailea nahi duten horien aurrean, agenda hori ezartzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Baina, tamalez, oraindik ez da iritsi. Herritarrek ezin dute gehiago itxaron".

Aizpuruak, hala ere, ontzat jo ditu Sanchezek bere erantzunean zehaztutako neurriak, baina horrek "egiteko asko zegoela" erakusten duela esan du, "oraindik ere egiteko asko" dagoela nabarmenduz. "Badakigu pandemiak zailtasun bereziak jarri dizkigula, baina badakigu orain arte hartutako neurriek ez dituztela herritarren itxaropenak bete. Zergatik? Esandako guztia egiten ez delako eta hitzemandako guztia betetzen ez delako", amaitu du diputatuak.