AKTUALITATEA


| 2024-06-19 11:54:00

1978ko sanferminetako gertakariekin lotutako dokumentu guztiak desklasifikatzeko eta German Rodriguez biktima gisa aitortzeko eskatu dio asteazken honetan EH Bilduk Espainiako Gobernuari. Premiazko interpelazio baten bidez, Bel Pozueta diputatuak ahotsa jarri die German Rodriguezen familiak, elkarte memorialistek, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako gizartearen gehiengoak behin eta berriz egindako eskaerei. Azken lau hamarkadetako iluntasuna eta zigorgabetasuna alde batera uzteko eta egian eta erreparazioan oinarritutako aro berri bati ekiteko deia egin du diputatu nafarrak Kongresuko kontrol saioan.

46 urte igaro dira Espainiako Poliziak, Martin Villa Barne ministro zela, German Rodríguez gaztea hil zuela Iruñeko zezen plazan, 'No os importe matar' aginduari bide emanda. Lau hamarkadatik gorako oztopoak, zigorgabetasuna, isiltasuna eta bidegabekeria. Pozuetak gogorarazi du 46 urteren ostean oraindik ere inork ez duela gertatutakoaren erantzukizunik bere gain hartu, ezta German Rodriguezen familiak eskatzen duen egia, justizia eta erreparaziorako eskubidean aurrerapausorik eman ere. Urteotan erakundeen partetik aurkitu duten ukazioa salatu du diputatu subiranistak: "Gobernu batek ere ez du 1978ko sanferminetan gertatutakoa ikertu, argitu eta onartu nahi izan. Aurkeztutako kereilekin ere ez dute kolaboratu nahi izan".

Ildo horretan, 2018an Nafarroako Parlamentuko gehiengoaren eskaerari muzin egin izana eta oraindik gertaerekin lotutako dokumentuak desklasifikatu gabe jarraitzea leporatu dio Pozuetak Espainiako Gobernuari. "Ez al zaizu bitxia iruditzen inplikatutako administrazioetako bakar batean ere ez egotea gaur egun gertakari larri horiei buruzko dokumenturik?". EH Bilduren arabera, Memoria Demokratikoaren Legea eta Nafarroan onartutako legea "tresna baliagarriak dira" egia ezagutzeko eta gertatutakoaren aitortzan aurrerapausoak emateko.

 

Ministroaren erantzun positiboa

Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministro Angel Victor Torresek konpromisoa hartu du 78ko sanferminetako gertaeren egian, aitortzan eta erreparazioan "aurrera egiteko". Ministroaren hitzetan, gertakari horietan eta 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskian, Poliziak ez zituen giza eskubideak errespetatu. "Gasteizen egin nuen bezala, 78ko sanferminetako biktimen aitortzan aurrerapausoak eman ditzakegu. Egia aitortuz bakarrik lortuko dugu horrelako ekintza mingarriak berriro ez gertatzea. Aitortza instituzionalak bi plano izan behar ditu: indarkeria sistematiko eta sistemiko hori Estatuaren egituratik bertatik abiatzen zela aitortzea eta biktimak aitortzea, Estatua haien ondoan jarriz", ziurtatu du.

Memoria Demokratikoko ministroa, gainera, harago joan da: "Egin dizkidazuen eskaera guztiak aintzat hartuko ditut: koherenteak, beharrezkoak eta erabat bidezkoak direla uste dut. Aurreko gobernuen erantzun ezak argituko ditudala hitzematen dut". Torresek iragarri du, halaber, diktadura frankistaren osteko urteetan (1983 amaierara arte) egondako giza eskubideen urraketak argitzen laguntzeko batzorde independentea aurki jarriko dela martxan. Giza eskubideen arloan ospe akademikoa eta eskarmentua duten hainbat adituk parte hartuko dute batzordean. Testigantzak, informazioa, dokumentuak eta ondorioak jasoko dituen txosten bat egitea izango da haien ardura, biktimen aitortza ofiziala eta erreparazioa bermatzeko. "Jakinarazten dizut berehala bidaliko diogula Estatu Kontseiluari Memoria Demokratikoaren Batzorde arautuko duen dekretua; bertan mugimendu memorialistek parte hartu ahal izango dute. Bide luzea dugu egiteko".

 

Bide berri bat ahaztutako biktimak erreparatzeko

Pozuetak positibotzat jo du gobernuak prestutasuna agertzeko 1978ko gertakarien egian eta erreparazioan aurrera egiteko: "Zure hitzek bide berri bati ekiteko balio dezakete". Baina ekintza zehatzak eskatu dizkio horretarako: "Beharrezkoa da oraindik Gobernuko ministerioen eta Poliziaren esku dauden dokumentu guztiak argitara ateratzea. Premiazkoa da zure ministerioak komunikazio bide zuzena irekitzea familiarekin, haien testigantza eta aldarrikapenak ezagutzeko eta entzuteko".

Ahaztutako biktimen eskubideak aitortzeko pausoak ematen ari diren arren, Pozuetak Torres ministroari exijitu dio konplexurik gabe aurrera egin dezala Memoria Demokratikoaren Legeak ezartzen dituen helburuetan. "Bada garaia beharrezko mekanismoak jartzeko German Rodriguezen aitortza egi bihurtzeko. Beharrezkoa da Memoriaren Legea osorik betetzea eta ahaztutako biktimei arreta ematea, gobernuaren aldetik tratu justu eta duina espero baitute gobernuaren partetik. Printzipio demokratikoez eta justiziaz ari gara. Eskubide urraketen biktima guztiek erakundeen arreta eta errespetua merezi dute", nabarmendu du.