AKTUALITATEA


| 2023-04-19 16:10:00

Asteazken honetan, EH Bilduren Nafarroako diputatu Bel Pozuetak Espainiako Gobernuari exijitu dio lehenbailehen transferitu dezala Nafarroara ikerketa zientifiko eta teknikoari lotutako eskumena: "41 urte daramatzagu zain. Gobernuak oraindik ez du bete osotasunean Nafarroako Foru Hobekuntza, eta gauzatzeke dauden eskumenak ez dira iritsi". Pozuetak gogorarazi du, gainera, eskumen horren transferentzia Nafarroako gobernu akordioan jaso zuela Maria Txibite lehendakariak, 2019ko maiatzean. Urtebeteko epea jarri zuen Txibitek eskumena eskualdatzeko, baina bi urte eta erdi igaro direnean ez dago eskumenaren arrastorik Nafarroako erakundeetan. "Bete ezazue behingoz!”. Argi mintzatu zaio Pozueta Lurralde Politikako ministroari, gaurko Kongresuko kontrol saioan.

EH Bilduko ordezkariaren aburuz, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza politiken eskumena garrantzia estrategiko handikoa da Nafarroarentzat; are gehiago, teknologia eta berrikuntza erronken bidegurutzeari aurre egiteko asmoz. "Eskumena gauzatuz gero, baliabide gehiago izango genituzke ikertzaileetan, ikerketa zentroetan, proiektuetan, patenteetan eta berrikuntzara bideratutako erosketa publikoetan inbertitzeko", zehaztu du.


Hitzetatik ekintzetara

Orotara, lau hamarkada baino gehiago daramatza Nafarroako gizarteak Nafarroako Foru Hobekuntza onartu zenetik eskualdatzeko geratzen diren eskumenak noiz beteko zain. Pozuetak I+G+Bko eskumenaren garrantzia nabarmendu du: «Funtsezkoa da gure lurraldean kokatutako enpresen ekonomia eta lehiakortasunerako. Egi bihurtzea espero dugun eskaera garrantzitsu baten aurrean gaude».

Ildo horretan, hitzetatik ekintzetara igarotzeko eskatu dio EH Bilduk Madrili: «Ez digu balio berriro entzuteak, 20 urtez gobernu desberdinen aldetik geldirik egon ondoren, eskumenak transferitzen jarraitzeko borondatea duzuela. Hitzak hori baitira, hitzak, baina errealitatea oso burugogorra da, eta kontrakoa erakusten digu».


Trafiko eskumenaren bidetik

Pozuetak Espainiako Gobernuari galdegin dio jarrai dezala Trafikoari lotutako eskumenarekin hasitako bide bera, duela gutxi sinatu eta gauzatu dena, EH Bilduk 2023ko aurrekontuetan lortutako akordioari esker. "Borondate politikoarekin Nafarroako herritarrentzat garrantzitsuak diren eskumenak betetzea posible dela erakusten duen adibide argigarria da", ziurtatu du.

Azkenik, diputatu subiranistak argi utzi nahi izan du EH Bilduren "borondate eta jarrera argia", gaurtik aurrera ildo horretan lan egiteko: "Trafiko eskumenarekin egin genuen bezala, has gaitezen berriro lanean gure autogobernua zabaltzen eta gobernu honek Nafarroarekin dituen gainditu gabeko irakasgaiak betetzen jarraitzeko: Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza, bekak, Gizarte Segurantza edota lan arloa".