AKTUALITATEA


| 2021-09-29 13:13:00

Asteazken honetan, EH Bilduren Nafarroako diputatu Bel Pozuetak Espainiako Gobernuari exijitu dio lehenbailehen transferitu dezala Nafarroara ikerketa zientifiko eta teknikoari lotutako eskumena: "39 urte daramatzagu zain. Gobernuak oraindik ez du bete osotasunean Nafarroako Foru Hobekuntza, eta gauzatzeke dauden eskumenak ez dira iritsi". Pozuetak gogorarazi du, gainera, eskumen horren transferentzia Nafarroako gobernu akordioan jaso zuela Maria Txibite lehendakariak, 2019ko maiatzean. Urtebeteko epea jarri zuen Txibitek eskumena eskualdatzeko, baina bi urte eta erdi igaro direnean ez dago eskumenaren arrastorik Nafarroako erakundeetan. "Bete ezazue behingoz!”. Argi mintzatu zaio Pozueta Lurralde Politikako ministroari, gaurko Kongresuko kontrol saioan.

EH Bilduko ordezkariaren aburuz, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza politiken eskumena garrantzia estrategiko handikoa da Nafarroarentzat; are gehiago, teknologia eta berrikuntza erronken bidegurutzeari aurre egiteko asmoz. "Eskumena gauzatuz gero, baliabide gehiago izango genituzke ikertzaileetan, ikerketa zentroetan, proiektuetan, patenteetan eta berrikuntzara bideratutako erosketa publikoetan inbertitzeko", zehaztu du.
 

Gauzatzeko konpromisoa


Pozuetari emandako erantzunean, Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroak onartu du eskumen hori "Autonomia Estatutuan jasota dagoela", eta konpromisoa hartu du eskualdatzeko falta diren eskumen guztiak "ahalik eta azkarren gauzatzeko". “Espainiako Gobernuaren jarrera gaur egun, eta ez duela 40 urte, erkidego guztiekin elkarlanean aritzea da. Horretarako prestutasuna daukagu, argi eta garbi”, adierazi du.

Auzitegi Konstituzionalak, berriki, Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu zituen Foru Berriko hiru lege bertan behera utzi dituela baliatu du Pozuetak EH Bilduren gaitzespen eta hasarrea helarazteko gobernuari. "Aho batez, bai, ministra andrea. Zure Gobernuak helegitea aurkeztu eta Konstituzionalak bertan behera utzi zuen. Zeuen ardura ere bada, eta oso larria da". EH Bilduko diputatuak erantsi du: "Eskumenak transferitzeko exijitzen diogun irmotasun berarekin exijitzen diogu errespeta dezala Nafarroako herritarren nahia eta gure parlamentuaren burujabetza; eta beraz, utz diezaiotela behingoz gure legeak auzitara eramateari.