Iruñea

Arrosadian 31.000 metro koadroko merkatal azalera bat sortzea ahalbidetzen duen espedientea gelditzea eskatu dio EH Bilduk Mayari

| 2020-09-23 14:50:00

Saltoki txikiak defendatzeko eskatu du, eta Nafarroa etorbideko gasolindegi berriaren eta Zaragoza etorbidearen arteko azaleran bizitegi, bulego eta dotazio erabilerak lehenestea

 

EH Bilduren Udal taldeak honako eskaera egin du gaur Hirigintzako Gerentzian:  eskuineko hirukoak berpiztu nahi duen espedientea aldatzea, zeinak La Milagrosa auzoaren hegoaldean 31.000 metro koadroko azalera sortzea ahalbidetuko luken. Zehazki, koalizioak Enrique Maya alkateari eskatu dio Nafarroa etorbideko gasolindegi berriaren eta Zaragoza etorbidearen arteko azalerari eragiten dion S-2 Sektoreko Udal Planaren Egitura Aldaketaren Proiektuaren onarpena geldiarazteko, eremu horren erabilera orokorra aldatu ahal izateko. Bizitegi-erabilera lehenestea eskatu du koalizioak, erabilera komertzial askoz mugatuagoa, bulegoak,  adinekoen egoitzak edo edo ikasleen egoitzak ezartzearekin bateragarria delako. "Milagrosa eta Azpilagaña auzoetako saltoki txiki eta ertainak babestu behar ditugu, baita haietaz bizi diren pertsonak ere”, gehitu du koalizioak.

"Eskuinak lehen egiten zuen hirigintza eredua berrezarri nahi du, enpresa eta korporazio handien interesak lehenetsiz alegia", salatu du koalizioak. "Politika negargarri horri esker Iruñea biztanleko saltoki gehien dituen bigarren hiria da eta ehunka saltoki eta milaka lanpostu desagertu dira", azaldu du. "Komertzio txikia egoera kritikoan dago eta sektore honi lagundu beharrean eskuina korporazio handiei mesede egiteko politikara itzuli nahi du", salatu du EH Bilduk.

Koalizioaren ustez, halaber, espediente hau modu "zalantzagarrian" izapidetu da, EH Bilduk eskatu zuen parte hartze prozesua egin gabe eta auzoko sare sozial eta ekonomiaren iritzia jaso gabe. Eta honako galdera egin dio Udal Gobernuari: Kasu honetan zergatik ez du  parte hartze prozesurik egin nahi,  eta aldiz Erripagainako PSISean auzoak Belosoko magalean etxebizitzak eraikitzeari buruz erabaki dezan eskatu duen? EH Bilduen ustez "eskuinarentzat lehen mailako auzoak eta bigarren mailako auzoak daude".

Bada beste elementu bat espediente horren inguruko susmoak piztu dituena: Donapeako mesetako Udalez Gaindiko Eraginaren Plan Sektorialaren (PSIS) helburuetako batzuk berreskuratu ditu.  “PSIS hori UPNko Gobernuek izapidetu zuten lurzoru eremu hauetarako eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen”. " Agerikoa da norbaiti mesede egin nahi zaiola operazio honekin, baina ez Arrosadia eta Azpilagaña auzoetako saltoki txikiei ezta bizilagunei ere", adierazi du koalizio subiranistak, eta gaineratu du: "paradoxikoa da IKEAren ezarpena kritikatzen zutenek orain merkataritza-azalera handi hori atzeko atetik jarri nahi izatea".

Proiektua Hirigintzako gerentzian aurkeztu ondoren, dokumentua Tokiko Gobernu Batzordera eramango da, eta, ondoren, Osoko Bilkurara. Testuak izapidea igarotzen badu, espedientea informazio publikora zabalduko da hilabete batez.  Behin-behineko onarpena osoko bilkurari dagokio, baina behin betikoa Nafarroako Gobernuari. EH Bilduk "iraganeko akatsak zuzentzeko" beharra azaldu du, eta eskuineko hirukoak "Arrosadiako eta Azpilagañako saltoki txikientzat erabat kaltegarria" izango den espedientea tramitatzen jarraitzen badu, beste erakunde batzuetan "zentzugabekeria" hori geldiarazten saiatuko dela gaineratu du.

EH-Bilduk 2019ko txupinazoaren inguruko hiru auto errekurrituko ditu; Abaurrea ikertzen duena, Carmen Alba aske uzten duena eta Maider Belokiren aurkako erasoa alboratzen duena

| 2020-09-18 12:09:00

Koalizioak Na+ek beraien paralisia eta ezintasuna estaltzeko darabilten estrategiaren baitan kokatu du gai hau, Abaurrea defendatuko duela argitu du eta zalantzan jarri du Mayak dimisioak eskatzeko duen zilegitasuna

 

EH Bilduk helegitea aurkeztuko du Instrukzioko 5 zenbakiko Epaitegiak 2019ko uztailaren 7an Sanferminetako txupinazoa bota eta gero udaletxean gertatutakoari buruz emandako autoetatik hirutan. Hain zuzen ere, Joxe Abaurrea zinegotziari irekitako ikerketaren aurkako helegitea, Carmen Albaren aurkako salaketa artxibatzearen aurkakoa, eta, azkenik, Maider Beloki EH Bilduko zinegotziak jasandako erasoak saihesten dituen autoaren aurkako helegiteak aurkeztuko dituzte. Koalizio subiranistak azaldu duenez, "ez gatoz bat epaile honek hartutako erabakiekin, ezta gertaera horien inguruan egiten duen kontakizunarekin ere", horregatik aurkeztuko ditugu helegiteak. "Enrique Mayaren erabaki politiko bidegabe batek eragindako ika-mika dela defendatu dugu beti", azaldu zuen Joseba Asironek, "Gertakarien sekuentzia errealitate horretan oinarrituta ulertu behar da". EH Bilduren ustez, 5. epaitegiko titularrak emandako autoek "errealitate hori testuingurutik kanpo uzten dute, ika-mika hartan parte hartu zuen bakarra Joxe Abaurrea izan balitz bezala, sainete tamalgarri hartako aktore guztien portaerek elkarren artean loturarik ez balute bezala, Maider Belokik erasorik jasan ez balu bezala edo Carmen Albak erasorik egin ez balu bezala".

EH Bilduren udal taldeko bozeramailea bereziki irmoa izan da alderdiak eta udal taldeak Joxe Abaurreari emango dioten babesari dagokionez: "Ni, udal talde honen arduraduna naizen aldetik, baina baita gainerako zinegotziak eta ordezkatzen dugun indar politikoa ere, EH Bildu, prest gaude behar den lekuan gure kidearen errugabetasuna defendatzeko, eta ez gure kidetasun politikoagatik, baizik eta gu guztiok izan ginelako han gertatutakoaren lekuko.

Enrique Mayak atzo egindako dimisio-eskaerari buruz, Joseba Asironek, Joxe Abaurreak eta Maider Belokik lagunduta, honako hau argitu du: "ez gara epai irmo batez ari, ezta lehen auzialdiko epai batez ere, diligentziak irekitzeko auto batez ari gara, eta Mayak prozesu honen amaiera zein den iragarri du etekin politikoa ateratzeko duen nahiak bultzatuta". "Eta agian arinegi ibili da, zeren eta, ez dezagun ahaztu, Mayak berak emandako erabaki politiko batek eragindako gertakariez ari gara, eta horien oinarri legala eztabaidagarria da". Gainera, EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi duenez, "bitxia da, zeren eta bera dieta irregularrak kobratzeagatik inputatuta egon zen eta dimititzeari uko egin zion, eta orain inoren dimisioa eskatzeko maila morala duela uste du. Zilegitasuna izateko, Mayak ereduarekin predikatu beharko luke"

Azkenik, Joseba Asironek Enrique Mayaren agerraldiaren irakurketa politikoa egin du. Lehenik eta behin, Navarra Sumako alkateak "ahozko epaiketaren hasiera eskatzeko udal baliabide guztiak" erabiliko dituela iragarri izana gaitzetsi du. Horren harira, "baliabide horiek guztiak orain bizi dugun krisi sozial eta ekonomiko sakonari aurre egitera bideratu beharko lirateke, ez politika egitera". Asironek gogoeta bat gehitu du: "irmotasun horren falta sumatzen dugu, adibidez, Maya CANeko dietak kobratzeagatik inputatu zutenean, bera alkate zela".

"Gure ustez, erabaki hau beste urrats bat da gure hiria liskar identitarioan kokatzeko. Eskuina oso eraso dago liskar identitarioan eta 20 urtez baino gehaigoz baliatu izan da horretaz boterean mantentzeko", gaineratu du EH Bilduko bozeramaileak, "Navarra Suma hiri hau kudeatzen, ondo kudeatzen, saiatu beharko luke. Horren ordez, beraien gaitasun eza estaltzeko borroka politikoak egiten saiatzen ari dira".

Eh Bilduk Ataungo lokala eta jarduera babestea eskatu du, Tokiko Garrantzi Ondasun izendatuz

| 2020-09-14 14:20:00

Hirigintza Batzordean eztabaidatu dute proposamena, eta "osagai ekonomikoa" minimizatuz lokalaren alokairu berria sustatzea proposatu dute, jarduera berarekin jarraitzeko baldintzarekin

 

EH Bildu udal taldeak adierazpen proposamen bat aurkeztu du, Hirigintza Batzordean eztabaidatzeko. Iruñeko Udalari zera eskatzen dio; Ataungo etxeko merkataritza Tokiko Garrantzizko Ondasun gisa aitortzeko espedientea martxan jartzeko eta modu berean, Udal Hirigintza Planaren Katalogoan sartzeko. Ekimen honek, Tokiko Merkataritza Bultzatzeko eta Babesteko Ordenantza proposamenean planteatutakoarekin bat etorriz, lokala eta 1898an ateak ireki zituen ehun urteko eta keinu bidezko establezimendu baten jarduera babestea du helburu. Ildo horretan, udal-taldeek asteazkenean eztabaidatuko duten testuak badu bigarren puntu bat: gobernu-taldeari eskatzea "ahalik eta lasterren" has dezala udal-lokal hori errentan emateko espediente bat, "Aurreko urteetan egindako jarduera berarekin jarraitzeko baldintzarekin", eta "errentamenduaren osagai ekonomikoa" oztopo bat ez izateko pizgarria, "Hertsiki legezkoa dena" baino harago.

"Iruñeko Udala behartuta egon beharko litzateke hiriaren nortasuna osatzen duten zeinuak etorkizunean babestera, eta argi dago ehun urtetik gorako saltokiak honen adibide direla", adierazi du koalizio subiranistak, eta, gainera, eskaera hori justifikatzeko, "Globalizazioak" saltoki txikientzat oro har eta merkataritza historikoarentzat bereziki dituen ondorio kaltegarriak aipatzen ditu, bai eta Coviden krisiak sektorearentzat dakarren salbuespen-egoera ere ", adierazi du. Eta, bereziki, udalek establezimendu horiek sustatzeko eta babesteko tresnak antolatzen saiatu behar dute, ixtea saihesteko, are gehiago, Ataungo Etxearen kasuan bezala, udal-titulartasuneko saltokiak badira ", gaineratu du.

Ataun etxea 1898a baino lehen ireki zuten Iruñeko kale nagusian, eta, beraz, gaur egun 122 urte daramatza "argizaria, txokolatea eta beste produktu batzuk" egiten. 1983an Jesus Ataunek erretiroa hartu zuen, fundatzaileen azken ondorengoak. Une hartan, Udalak itxiera saihestea erabaki zuen, lokala eta eraikina erosteko akordio batekin "erabakitasunez" jokatuz, eta Jesús Atauni errenta bat emanez errentari berriei, Inda familiari, familia-errezetak helarazteko baldintzapean. Duela gutxi, horiek ere erretiroagatik, lokala itxi dute. Koalizio subiranistaren ustez, 1983koaren antzeko irtenbide bat eskatu du, eta lehenbailehen esku hartu behar da "lokala hondatzeko prozesua hasi baino lehen, zeina berehalakoa eta atzeraezina izan daitekeen, eta bertan ekoizten ziren produktuen memoria galdu baino lehen".

EH-Bilduk, PSN-PSOEk eta Geroa Baik Iruñeko berdeguneak kudeatzeko programa "berehala" martxan jartzea eskatu dute

| 2020-09-14 13:14:00

"Arbomap Kudeaketa Programarekin zegoen kontratua bertan behera utzi dutela eta alternatibarik ez dagoela" jakin ostean aurkeztu dute ekimena taldeek

 

EH-Bildu, PSN-PSOE eta Geroa Bai udal taldeek adierazpen bat aurkeztu dute, "Lorategien Zerbitzuari berehala emateko Iruñean dauden zuhaitzak, berdeguneak eta ureztatzeak kudeatzeko programa edo aplikazio bat", Fermin Alonso zinegotziak zerbitzu hori "trantsizio fasean" zegoela iragarri eta "Arbomap Kudeaketa Programarekin zegoen kontratua" bertan behera utzi duela jakin ostean.

Taldeek gogorarazi dutenez, programa horri esker "hiriko landare-elementuen inbentarioa egin ahal izan da (zuhaitzak, zuhaixkak, parterrak, berdeguneak), baita ureztatze-sareena (kontagailuak, programatzaileak) eta hiri-altzarien elementuena ere, besteak beste".

Horregatik, uste dute "arloak sortu duen egoera dela eta, ezinezkoa dela zerbitzuaren berezko zeregin asko beharrezko bermeekin aurrera eramatea, eta zaildu egiten duela landaketa-kanpaina prestatzea, espezieak identifikatzea edo zuhaitz eta zuhaixken artxibo historikoa egitea".

"Tresna hori ezinbestekoa da hiriarentzat hain garrantzitsua den gai baterako, urteko landaketa edo inausketa kanpainak prestatzea alegia", azaldu dute. Halaber, taldeek adierazi dute Alonso zinegotziak "ez duela data edo bermerik eman zerbitzua berriro ere martxan jartzeko". Hori dela eta, ekimena aurkeztu dute, eta asteazken honetan Hirigintza Batzordean eztabaidatuko dute.

Kultura zerbitzuen kontsumoa sustatzeko bono kanpaina bat bultzatu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Bai udal taldeek

| 2020-09-11 12:13:00

Udal taldeek muskulu kulturala sendotzea eskatu dute, bai eta kulturan la egiten duten pertsonak eta herritar guztiak orokorrean mesedetzea

 

Geroa Bai, EH Bildu eta PSN udal taldeek adierazpen bat aurkeztu du Lehendakaritza Batzordean eztabaidatzeko, bertan Merkataritza eta Turismo Alorra premiatuz Kultura Alorrarekin koordinazioan sektore kulturalari zuzenduriko bono kanpaina bat landu dezan, bertan lan egiten duten pertsona guztien egoera ekonomikoa, bai eta herritar guztiena orokorrean ere hobetzeko helburuarekin.

Udal taldeek kritikatu dutenez “Navarra Sumak ez du kultura sektorearekin ezer landu eta Merkataritza eta Turismo Zinegotzi Delegatuak izar-sektore ez dela esatera iritsi izan da”. Gainera, kezkaturik agertu dira, haien iritziz “Navarra Suak ez baitu inoiz sektore estrategiko moduan eduki eta kultura libre eta kalitatezko bat bultzatzeko asmorik ez baitu agertu ere”.

Adierazpenaren zioen aurkezpenean azaltzen denez, “pandemiak aurrera egin ahala, bere eragina erabat suntsitzailea izan da sektore guztietan”. Geroa Bai, EH Bildu eta PSNk diotenez “pandemiaren hasieratik egon den esparrurik ahulenetako bat kulturala izan da”. Gainera, “kultura, gizartearen garapenerako nahitaezkoa den elementu bat izateaz gain, prekariotasun egoeran aurkitzen diren pertsona askori lana ematen dion motore ekonomiko bat da”, argitu dute.

Udal taldeek zehaztu dutenez, “pasa den maiatzean egin zen Udalbatzan pandemiaren eraginei aurre egiteko ohiz kanpoko neurri eta inbertsioak onartu ziren”. Oposizioko taldeek gaineratu dutenez “aho batez onartutako neurri horien baitan, horietako batzuk oposizioaren zati batek proposaturik ere, kontsumoa sustatzeko partidak onartu ziren, horretarako merkataritza, ostalaritza eta tokiko zerbitzuetan erabiltzeko bono kanpaina abiatuz”.

Errealitate horren aurrean, udal taldeek kultura alorra sustatzea eskatu dute, “Iruñeko herritarren gizarte kohesio, bizikidetza, ezagutza eta aisialdiarentzako funtsezko elementua” dela iritzi baitute.