Talde subiranistak Txantrean eremu urdina ezartzearen inguruan duen jarrera azaldu du gaur Mugikortasun Batzordean. "Gure jarrera oso argia izan da: auzoak eremu urdina kentzeko egindako eskaera babesten dugu, eta Txantreako mugikortasunari eta aparkaleku beharrei buruzko azterketa eta parte-hartze prozesu bati hasiera emanen diogu", argitu du alderdi soberanistak.
"UPNk auzoan eremu urdina ezartzea erabaki zuenetik, ulertu genuen ez zela behar bezala egin, alde batetik ez zelako informaziorik eman eta bestetik, ez zitzaiolako auzoari galdetu. Horrek egun mantentzen den kontrako jarrera orokorra baino ez zuen lortu", azaldu dute alderdi abertzaletik. "Udal gobernura iritsita, erabaki hau, beharrezko informazioa emanez eta auzoarekin landuz, hartuko genuela hitz eman genuen", gogorarazi du EH Bilduk. "Konpromiso hori bete dugu, eta aurkeztutako txostenek, informazio-saioek eta auzoak Udalari helarazi dion eskaerak, hori islatzen dute, gainera aurreko legealdian gauzak gaizki egin zirela agerian uzten dute ere".
"Bere garaian UPNk ez bazuen erreparorik izan Txantrean eremu urdina inposatzeko eta beharrezko babes teknikorik gabe egiteko, orain mespretxuz jokatu du eta uko egin dio auzoari erantzun bat emateari, joan den astean Mugikortasun Batzordean parte hartu zuten ordezkarien aurrean hitz eman genuen bezala", salatu du alderdi soberanistak. "Gauzak horrela, gaur ezinezkoa izan da akordiorik lortzea, hala ere gure jarrera berdina izango dela errepikatzen dugu, azken erabakia hartzeko emango den edozein eztabaidatan, eta eztabaida hori ahalik azkarren eman dadin lan egingo dugu", amaitu du.