Iruñeko EH Bilduko udal taldeak deitoratu egin du Lehen Auzialdiko 2 zenbakiko Epaitegiak emandako epaiak jarrera ultraeskuindarrei hauspoa ematea, eta elkarbizitzaren alde lanean jarraitzeko deia egin du. “Faxismo modu berrien aurrean, argitasun eta jarrera irmoen garaia da. Aniztasunaren eta bizikidetza demokratikoaren alde urrats bat aurrera egiteko unea”, adierazi du ezker subiranistak prentsa-ohar batean.
Argitu dutenez, ohorerako eskubidea urratzeagatik ezarri zen demanda, erasoak ez zitzaizkiolako pertsona bati bakarrik zuzentzen. “Voxek Iruñeko alkateak ordezkatzen duen kargu instituzionalari ere egin dio eraso, eta, hedaduraz, herritar guztiei ere”, azaldu dute.
Udal taldeak kezka handiz ikusten du diskurtso politikoaren degradazio arriskutsua, non kalumniatzea edo difamatzea normalizatu egin den. “Eskuin muturrak iraina estrategia bihurtu du, eta gezurra titular, duten zigorgabetasunean babestuta”. Horren aurrean, epaiak guztiak balio ez duenaren ideiarekin duen konpromisoa indartzen duela dio: “Faxisten, pertsonaia erreakzionarioen eta trumpisten aurrean, bide argi bakarra geratzen da erantzukizun politiko eta instituzionalak ditugunok: bizikidetzaren alde lanean jarraitzea”.
Koalizioa epaiaren edukia aztertzen eta helegitea jartzea baloratzen ari da.
Iruñean, 2025ko maiatzaren 14an