AKTUALITATEA


| 2023-02-07 11:35:00

Talde abertzaleak berehalako soluzioa eskatu du eta Kontserbazio zinegotzia eta alkatea bera jo ditu arduradun nagusitzat

 

EH Bilduren udal taldeak adierazpen bat defendatuko du bihar Hirigintzan. Adierazpen horretan, gobernu taldeak Txantreako hegoaldeko urbanizazio berrian berehala esku har dezan eskatuko du, bere berdeguneen tamalgarria hobetzeko. Testuan zuzenean aipatzen dira Fermín Alonso, Proiektu Estrategikoen eta Kontserbazioko zinegotziaren utzikeria, eta Enrique Maya alkatearen babesa arreta eza horri.

2020ko abuztuaren amaieran amaitu zen Txantreako hegoaldeko urbanizazio berria, aurreko agintaldian idatzi eta abian jarri zena, eta ibilgailuen trafikorako eta oinezkoen zirkulaziorako ireki zen. Adierazpenak gogorarazten du “hirigintza-garapen hori gizarte-ikuspegitik ere sortu zela, bizilagunak kontuan hartuta eta mugikortasun jasangarriari eta espazio publikoaren kalitateari buruzko egungo parametroei erantzunez. Ibilgailuei lekua irabazten zieten berdeguneen eta oinezkoentzako guneen aldeko apustua izan zen hartutako irtenbidea, baina, zoritxarrez, hiru urte geroago, utzikeria besterik ez degu ikusten”.

EH Bilduren ustez, “okerrena da gobernu taldea egoera tamalgarri honen jakinaren gainean zegoela. Iazko azaroaren 30eko Hirigintza Batzordean ohartarazi genuen urbanizazioaren berdeguneen egoera negargarria zela, eta hiru hilabete geroago ez da ezer egin”. “Landaretza osasuntsua izan beharrean, berdegune lehorrak eta zaborrez beteak aurkitzen ditugu», salatzen du adierazpenak.

Abenduaren 14an, Hirigintza Batzordean, zinegotzi delegatuak arazoa konpontzeko konpromisoa adierazi zuen, bere arloari jakinarazi ziola esanez. “Hala ere, bi hilabeteren ondoren, ikusi dugu gobernu-talde honek urbanizazio berri hau erabat utzita duela oraindik”. Talde soberanistak, testuarekin batera egungo hainbat argazki aurkezten ditu egoera hobetu beharrean okertu egin dela esanez: “landarediak itxura makurra izaten jarraitzen du, eta hazi den gauza bakarra zaborra da berdegune hauetan. Hori dela eta, gobernu-taldeak, bere hitza bete beharko luke eta berehala esku hartu beharko luke eremua txukuntzeko.