AKTUALITATEA


| 2019-05-10 08:46:00

 

Iruñeko Alkateak eta EH Bilduren hautagaiak, Joseba Asironek, udal subiranotasuna defendatzearen alde egin du, Udalak duen diru soberakina kudeatu ahal izateko. Une honetan 65,7 milioi euro daude geldiarazita Estatuko Aurrekontuen Egonkortasunerako Legearengatik. Funts hori “Iruñeko hiritarren bizitza hobetzera” bideratzearen alde egin du Asironek.

Era berean, Asironek aitortu du ekonomia zirkularraren eredua eta tokiko produktuan oinarritutako gertuko komertzioa sustatzen eta garatzen jarraituko dutela, Geltokik islatzen duen ereduan sakontzen alegia. Hain zuzen ere, proiektu honen instalazioetan, Autobus Geltoki Zaharreko eraikinean, EH Bilduren hautagaiak Aranzadiko Ekoparkea indartzearen alde egin du, ekonomia zirkularrean ikasteko motore gisara.

Halaber eta enplegu politikari erreferentzia eginez, Asironek lau urteko laguntza eta sustapen plan baten alde egin du, ekintzaileei eta enpresa proiektu berriei zuzendurikoa, finantzazio bide berri bat izango duena. Hau litzateke udalak enplegu alorrean dituen eskumenen mugatuak gainditzeko neurri berritzaileetako bat.

“Legegintzaldi honetan egindako kudeaketa ekonomia onaz gaindi, bide handia dago oraindik ere Iruñean berdintasun ekonomiko eta soziala lortzeko. Hori da gure helburu nagusia datorren legegintzaldirako. Iruindar guztientzat kudeatuko dugu, baina bereziki gaizkien pasatzen ari diren guztientzat: hilaren amaierara iristeko zailtasunak dituztenak, etxebizitza duina izateko ezintasunak dituztenak… Hori dugu xedea: kontu publikoak ongi kudeatzea, aberatsak ginen garaietan eta aurreko gobernuek eginiko xahuketatik eratorritako zorra kitatzea. Agerian utzi dugu EH Bilduk ongi kudeatzen duela, modu arduratsuan, eta bereziki, pertsona guztiek aukera berdinak izan ditzaten kudeatzen dugula. Ez dugu inor atzean utziko”, gehitu du Asironek.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, alkatetza berresteko hautagaiak berretsi du “aldaketa politikoa defendatzeko” bozkatzera joatea garrantzitsua dela, maiatzaren 26ko hitzordua “plebiszitu bat izango delako Navarra Sumak ordezkatzen duen iraganaren eta EH Bilduk gidatzen duen etorkizunaren artean”. “EH Bildu da Iruñean aldaketa geratzeko etorri denaren bermerik onena”, adierazi du Asironek bukatzeko.