Iruñea

Albisteak

Eh Bilduk Mugikortasun Batzordea berehala deitzea eskatu du, eskuineko hirukoak azalpenak eman ditzan Amaya kaleko lanetan sortutako kaosaren inguruan


| 2020-06-15 14:36:00

Koalizioak, halaber, adierazpen bana aurkeztu du biharko batzordeetan, Comiruñako dietak itzultzeko eta "PPk eta Voxek M-8a kriminalizatzeko egindako saiakera" gaitzesteko

 

EH Bilduk Mugikortasun Batzordea berehala deitzea eskatu du, Eskuineko hirukoak eta, zehazkiago, Fermin Alonso mugikortasun-arduradunak abian jarritako lanen ondorioz Amaya kalean sortutako kaosaren inguruko beharrezko azalpenak emateko. Eskaera hau Hirigintza Batzordera aurkeztuko duen presazko adierazpen baten bidez egin du koalizkoak: "ohartarazi genuen ezin dela etxea teilatutik hasi. Amaya kalean bizikleta eta oinezkoentzako lekua handitzeko lanak abiatu, aldez aurretik Labriteko igoera eta Gorte kalea behar bezala prestatu gabe suizidioa zen, lardaskeria hutsa", adierazi du koalizio subiranistak.

EH Bilduk gogora ekarri du aurreko legealdian jarduketa-plan bat diseinatu zela hain zuzen Labriteko igoera eta Amaya eta Olite kaleak bizikleta-sarearen ekialde-mendebalde ardatzaren bigarren faseko muina bihurtzeko". Proiektu hori Alonsok bertan behera utzi nahi izan zuen, Na+ek aurreko proiektuak zapuzteko duen joerarekin jarraituz. Ondoren, proiektua berreskuratu behar izan zuen konponbiderik onena zela ikusita, baina proiektua azken urratsetik hasteko tematu da. Argi zegoen aldez aurretik Labriteko igoera ez bazen moldatzen inbutu kaotiko bat sortuko zela, eta halaxe gertatu da", argudiatu du koalizioak. Era berean, koalizioak gogorarazi du horrelako ekimen batek informazio kanpaina bat ere eskatzen duela, aurreko legealdian Amabilizazio Plana edo Pio XII bezalako proiektuekin egin zen bezala.

"Agerian geratu da berriz ere gobernu talde honen kudeaketa negargarria. Aurreko legegintzaldian oposizioan zeudelarik hiria hankaz gora jartzen saiatu ziren planifikatutako eta behar bezala azaldutako ekimenak kritikatuz. Baina joan den legealdiko kudeaketa oraingo kudeaketarekin alderatuz oso egoera traketsean geratzen da egungo gobernua", dio koalizio subiranistak. Aita Moreten berrirekitzeak, hiriaren erdigunean berriz 14.000 ibilgailu sartuz, edo Pio XII.ean ordeztu ez diren 302 bolardoak, Amaya kalean gertatutakoaren "desastreari" gehitzen zaizkio. "Eskuineko hirukoak erakutsi du berriz ere ez dagoela prestaturik mugikortasun berriaren erronkari aurre egiteko, eta baliabide publikoak kudeatzeko arazo larriak dituela".

Dietak eta M-8ari babesa

Bestalde, EH Bilduk adierazpen bat aurkeztuko du bihar Presidentzia batzordean Enrique Mayak Comiruñan dituen lau goi-kargudunek jasotako dietak itzultzea eskatzeko. Halaber, Herritarren Aferetarako Batzordean, koalizio abertzaleak testu proposamen bat aurkeztuko du Iruñeko Udalak "PPk eta Voxek M-8a kriminalizatzeko egindako ahalegina eta efemeride hori koronabirusaren ondorioekin lotzeko estrategia" salatu eta errefusatzeko.

Adierazpen horretan, Udalak "COVID-19ren biktimen sufrimenduaren instrumentalizazioarekiko kezka" agertzea eskatu dute, "mugimendu feministaren urteroko hitzordu garrantzitsu, unibertsal eta arrakastatsuenaren aurkako jarrerak areagotzeko asmoz".

Azkenik, "Guardia Zibilak auzia ikertzen ari den epaileari bidalitako txostenean lekuko baten bertsioa ustez manipulatu izanaren inguruan argitara emandako salaketa" dela-eta kezka adieraztea eskatzen du testuak.