Iruñea

Albisteak

Eh Bilduk Iruñeko Udaleko lau indar politikoek adostutako Covid osteko inbertsio planari baiezkoa emango dio, murrizketarik egongo ez dela bermatzen bada


| 2020-05-22 12:12:00

Adostutako aurreakordioak honakoak jasotzen ditu: gizarte-zerbitzuak indartzea; tokiko ekonomiari, enpleguari eta kulturari laguntzeko bonu-sistema bat sortzea; mugikortasunari buruzko lehentasunen zerrenda bat finkatzea, eta etxebizitza sozialean konpromisoak hartzea

Plana 6,5 milioitik gorakoa da inguruko konpromisoak gehituz gero, baina finantziazio gehigarria behar izanez gero, Udalak zorpetzera jotzea da koalizioaren gidalerroa

 

Iruñeko Udaleko EH Bilduren taldeak Udalean ordezkaritza duten indar guztien (Nafarroa Suma barne) arteko Covid 19 osteko inbertsio plan baterako akordioa babestuko du, baldin eta bermatzen bada plan hori martxan jartzeak ez duela murrizketarik ekarriko udal arloen esleipenetan. Koalizioaren helburu nagusia da "gastuaren edozein gehikuntzarako zorpetzera jotzea, eta ez murrizketetara, eta betiere helburu bakarra dagoela argi izanda: inor ez dadila atzean geratu datorren krisi ekonomikotik ateratzeko".

Hala adierazi du Joseba Asiron EH Bilduko udal bozeramaileak prentsaurreko batean, eta baieztatu du Udalean ordezkaritza duten alderdi guztien artean negoziatutako aurreakordio bat dagoela, lau oinarri dituena: gizarte-zerbitzuak indartzea (gobernu-taldeak hasieran aurreikusitakoa baino 200.000 euro gehiago); tokiko ekonomiari, enpleguari eta kulturari laguntzeko bonu-sistema bat sortzea (zenbatekoa 750.000 eta 1,1 milioi euro artekoa izango da); mugikortasuneko lehentasunen zerrenda bat finkatzea (Sarasate pasealekua, Nafarroako Gorteak, Labriteko korridorea, Yanguas eta Miranda-Armada etorbidea eta Baiona etorbidea) eta etxebizitza sozialean konpromisoak hartzea (1,5 milioiko lursailen salmenta BOEak martxan jartzeko).

"Lortutako akordioa positiboa da, baina oraindik ez dakigu zein partidetatik kendu nahi dituzten funtsak eta espedientea egin arte zain egongo gara. EH Bildurentzat ezinbestekoa da Udalak hirian eta iruindarren ongizatean inbertitzen jarraitzea. Hori dela eta, akordio hau sinatu ahal izateko baldintza da plan honek ez duela murrizketarik ekarri behar Udaleko sailetan ", azaldu du Asironek. "Behin eta berriz adierazi dugu Aldaketaren Gobernuak Iruñeko Udalari utzi zion egoera ekonomiko onak ahalbidetzen duela murrizketak egin beharrean (2011n Mayaren agindupean gertatu bezala) zorpetzera jotzea", gaineratu du bozeramaile abertzaleak.

Desberdinen arteko akordioa, bazterketarik gabe, hiriaren mesedetan

Joseba Asironen ustez lau alderdien arteko aurreakordioa lortzea erantzukizun politikoari zor zaio. “EH Bildutik beti defendatu izan dugu hiriarentzat funtsezkoak diren gaietan akordioak lortzearen garrantzia".

Are gehiago, "hiriarentzat onuragarriagoa da alderdi politikook adostasunetik eta marra gorririk gabe lanean hastea", azaldu du EH bilduko bozeramaileak. "Lauren arteko aurreakordio honek onartzen du alderdi guztiak garela negoziazio-subjektua, baita EH Bildu ere, eta hori funtsezkoa da iristen zaigun krisia elkarrekin gainditzeko, baita hiri honetan dauden arazoak eta liskarrak gainditzeko ere", gaineratu du Asironek. "Espero dezagun aurreakordio hau hitzartutako plan baten aurrekaria izatea, eta hori inflexio-puntua izatea adostasunak bilatzeko edo, hala badagokio, gehiengoaren aginduak onartzeko", ondorioztatu du.

Azaldutakoaz gain, koalizio subiranistaren bozeramaileak nabarmendu du aurreakordio horrek "krisi honetatik ateratzeko bidean inor atzean ez geratzea bermatzen duen berreraikuntza soziala" bultzatzen duela Iruñean, "Tokiko ekonomia eta enplegua suspertu eta bultzatzeko diru publikoa bermatuko duten tresna eraginkorrak sortuz". Halaber, "Adostasun-neurriak bultzatuko dituen eta bazterketa politikoak gaindituko dituen lan-metodologia bere gain hartzea" dakar akordioak.

EH Bilduren proposamen gehienak onartu dira

Joseba Asironekin batera Joxe Abaurrea zinegotzia izan da prentsaurrekoan, aurreakordioaren nondik norakoak azaltzeko. EH Bilduk proposatutakoari dagokionez, Abaurreak azpimarratu du mahai gainean dagoen aurreakordioa "orain dela bi hilabete baino gehiago aurkeztu genuen Gizarte Larrialdietarako Burtsa proposamenaren finantzazio iturri eta filosofian" oinarritzen dela.

Edukiari dagokionez, pozik azaldu da aurreakordioak "joan den astean aurkeztu genuen Berreraikuntza Planaren ildo nagusiak" jasotzen dituelako, alegia, "zerbitzu publiko eta sozialak indartzea, merkataritza, enplegua eta tokiko ekonomia bultzatzeko bonuen sistema bat eta kulturari laguntzeko tresnak sortzea". Horri "funtsezko" elementu bat gehitu dio EH Bilduko zinegotziak: “gure proposamenean eskatzen genuen etxebizitza sozialaren arloko konpromisoa: ahalik eta lasterren akordio bat egitea, gutxienez 1.500.000 euro jasotzeko partzelen salmentagatik, eta 350 etxebizitza alokairu sozialean sustatzeko aurreikuspena izatea. Jasoko den diru horren xedea aurtengo etxebizitza birgaitzeko kanpaina finantzatzea izango litzateke".

Prentsaurrekoa Joseba Asironek itxi du: uste dugu erantzukizunez jokatzeko eta iruindarren beharrei erantzuteko garaia dela. Eraikitzeko unea da, ez suntsitzekoa. Neurriak aurrera ateratzeko unea, ez oztopatzekoa. Proposamenak egiteko eta ekinean hasteko unea.