Iruñea

Albisteak

EH Bilduk Alde Zaharreko atikoen espedientea geldiaraztea eskatu du, herritarren interes orokorren aurka doan eskuineko hirukoaren beste "ilegaltasun" bat delako


| 2020-07-22 16:06:00

"Eskuineko hirukoak Iruñeko Alde Zaharrean kokatutako zenbait atiko zatitzeko erabili nahi duen prozedura legez kanpokoa da, idazkariaren txostenak argi eta garbi adierazten duen bezala. Beste behin ere ikusi dugu udal gobernu hau txapuzen, trikimailuen eta irregulartasunen gobernua dela". Jarrera irmoa erakutsi du Iruñeko Udaleko EH Bilduren udal taldeak, udal idazkariak Enrique Mayaren taldeari egindako abisuaren aurrean. "Ez da onargarria Iruñea beraien kortijoa balitz bezala gobernatzea behin eta berriz. Horregatik EH Bilduk eskatuko du espedientea geldiaraztea eta idazkariaren txostenaren gomendioak jarraitzea, hala nola, lardaskeria berri horretatik erator daitezkeen erantzukizunak eskatuko ditu", argitu du koalizio subiranistak.

Osoko Bilkurako Idazkaritzak zalantzan jarri duen proiketu honi dagiokionez, koalizioak adierazi du ez dela zuzena "hirigintza-desegokitasun" gisa deklaratutako atiko batzuk banatzeko baimena ematea. Are gehiago, guztiz onartezina da "aberastasuna dakarten operazioei eragiten dien lege-agindua ez betetzea eta iruindar guztien interesen kontura aritzea". EH Bilduk gaineratu du gaur egungo alkatea, Enrique Maya, Hirigintzako arduraduna zela 2001ean, PEPRI-a bultzatu zenean. “Ez da ulergarria orduko hartan bere onespenarekin eta onarpenarekin arautu zena orain gainetik pasatu nahi izatea, hiriaren interes orokorraren aurka arituz. Gobernatzeko modu erratiko eta irizpiderik gabeko hori ez da Iruñearen mesederako ".

EH Bildu irmo azaldu da eskuineko hirukoaren gobernatzeko moduari buruz: "lehenik, alkatearen soldata igo zuten aldebakartasun osoz, gero izendapen askeko karguen kopurua handitu zuten, ondoren etorri ziren Comiruñako dietak, zinegotzien senideentzako ad hoc kotratuak eta orain luxuzko etxebizitzen ezkutuko birkalifikaziorako legez kanpoko prozedurak. EH Bilduk behin eta berriz salatu dituen jarduera horiek guztiek agerian utzi dute beraien jendearentzat bakarrik gobernatzen duen eskuineko hirukoa. Altxor publikoa beraien etxeko ekonomia bailitzan erabiltzen dute eta gobernatzeko modu hori estaltzen saiatzen dira horretarako bizikidetza oztopatu, euskara erasotu, lardaskeriak inprobisatu eta besteen proiektuez jabetzen saiatuz”.