Iruñea

Albisteak

EH Bildu Iruñea hiriaren esku jarri da, eta Bozeramaileen Batzordea koronabirusaren krisian agintzen duen adostasun-organoa izatea proposatu du


"Larrialdiaren" aurrean, Udalaren jarduera konfrontazio politikotik aldentzea, zerbitzurik onenak bermatzea eta erabakiak adostasunez hartzea defendatzen du

| 2020-03-13 14:59:00

Iruñeko EH Bilduk, bere udal taldearen bitartez, Iruñeko Udalari helarazi dio koalizioaren azpiegitura guztiak, baita baliabide teknikoak eta giza baliabideak ere, hiriaren eskura jartzeko eskaintza, koronabirusaren krisiari aurre egiteko. Horren harira, EH Bilduk proposatu du jarduera politiko-instituzionala, krisiak irauten duen bitartean, udal-zerbitzuak ahalik eta kalitate-mailarik handienarekin ematera soilik mugatzea, eta erabakiak Udalean ordezkaritza duten talde guztien adostasunez hartzea, zerbitzu horien funtzionamenduari dagokionez. Hori posible izan dadin eta Udalaren funtzionamendurako barne-egitura aprobetxatuz, koalizio subiranistak proposatu du Bozeramaileen Batzordea izan dadila organo iraunkorra, eta erabaki garrantzitsuenak, zerbitzuen funtzionamendu egokira mugatu behar diren heinean, adostasunez har daitezela.

EH Bilduko arduradun nagusiek adierazitakoaren ildotik, koalizioak Iruñean eta udal taldean duen jarrera argia da: "Ez da konfrontazio politikorako garaia, baizik eta indarrak batzeko garaia, guztion artean berme onenekin eta Iruñearen eremuan proportzio globalen krisi honi aurre egiteko".

Halaber, Iruñeko Udalaren komunikazio ofizialak Bozeramaileen Batzordearen izenean egitea proposatu du EH Bilduk, bai kanpo mailan, bai barne mailan. Bigarren maila horri dagokionez, koalizioak planteatu du hartzen diren eta udal-langileei eragiten dieten erabakiak Udaleko sindikatuetako ordezkariekin ere balioestea, eta komunikazio erraza ahalbidetuko duen zuzeneko elkarrizketa-bide bat sortzea.

Izaera politiko-instituzionaleko barne-funtzionamenduari dagokionez, eta zuzeneko eta aurrez aurreko elkarrizketak gomendagarriak ez diren egoerak aurreikusiz, koalizioak proposatu du kanal iraunkorrak prestatzea, bai maila telefonikoan bai telematikoan, harreman arinak izateko eta erabakiak adostasunez hartzea arintzeko.

"Salbuespenezko" neurri horien iraupenari dagokionez, EH Bilduk uste du pandemiaren aurkako zerbitzu eta prebentzio-neurriei eragiten dieten neurriek Nafarroako Gobernuak kasuan-kasu ematen dituen jarraibideekin bat etorri beharko dutela; aldiz, Udalean erakunde-mailako barne-erabakiak hartzeko sistemari dagokionez, proposatu du datorren astean garatzea eta astero handitzea. Halaber, neurriek sektore ahulenetan duten eragina ebaluatu behar da, eta horiek arintzeko neurriak hartu, eta, aldi berean, Nafarroako Gobernuarekin koordinatuta

Udal taldearen funtzionamenduari dagokionez, EH Bilduk erabaki du, koalizioak koronabirusaren aurrean duen funtzionamendurako barne protokoloaren ildotik, telelana lehenestea, nahiz eta bere presentzia ziurtatuko duen, presentzialki bere garrantziagatik mantentzen diren foro guztietan. "Larrialdi egoera baten aurrean gaude, eta ez da lehiatzeko unea, elkarlanean aritzekoa baizik", gaineratu du.