Iruñea

Albisteak

Asiron: "Iruñearentzat urte galdua izan da, ez Covidaren eraginez, eskuineko hirukoaren paralisiarengatik baizik: dena lehengoratzeko obsesioa, aldebakartasuna, gehiengoarekiko mespretxua eta kudeaketa negargarria izan dira ezaugarri nagusiak"


| 2020-06-26 12:49:00

EH bilduko bozeramaileak koalizioaren lana goraipatu du; lehen hilabeteetan batzorde-ekimenen % 67 sinatu zituen, eta Covidaren krisian Berreraikuntza Plana osatzen duten zazpi ekimen aurkeztu zituen.

 

"Proiektuen lehengoratzea, euskarafobia, paralisia, aldebakartasuna eta gehiengoaren mespretxua. Bost hitz horiekin definitu dugu Navarra Suma Iruñeko gobernuan egon den lehen urtea. Urte galdua izan da, ez Covid-19aren eraginez, baizik eta haien hautesleak bakarrik asetzeko helburua duen eskuineko hirukoaren kudeaketa negargarriaren eraginez. Ez dute hiri honen aniztasuna errespetatu, betiko akats eta gehiegikeria berberak errepikatu dituzte eta kudeaketa lardatsa eginez Iruñea atzerapenean murgildu dute. Hitz horiekin, Joseba Asironek, EH Bilduk Iruñeko Udalean duen bozeramaileak, legegintzaldiaren lehen urtea laburbildu du, eta Covidaren pandemiak jotako  aurrekaririk gabeko egoeran, EH Bilduk zuhurtziaz, erantzukizunez eta egoerak eskatzen zuen heldutasunez jokatu duela azaldu du, datozen garai latzei ahalik eta ondoen aurre egiteko prestatzen saiatuz.

"2019ko ekainean Enrique Mayak ekonomikoki osasuntsua zen udal bat eta konfrontazioaren garaiak gainditzeko bidean zen hiri bat eskuratu zituen. Bada, urtebetean, foralistak, antiforalistak, zentralistak eta ultrak batzen dituen koalizioak berriz ere herritarrak aurrez aurre jartzea lortu du, administrazioaren oinarrizko zerbitzuak hankaz gora jarri ditu eta jasotako kreditu ekonomikoaren zati handi bat xahutu du", laburbildu du Asironek. "EH Bildu buru duen oposizioaren erantzukizunak bakarrik ahalbidetu du Iruñea 2011ra ez itzultzea", gaineratu du.

Covidaren krisia; NA+en akatsak eta inprobisazioak gainditzeko elkarlanean

Covid-19aren krisiaren kudeaketari dagokionez, EH bilduko bozeramaileak, Maider Belokirekin eta Endika Alonsorekin batera, koalizioak egindako lana goraipatu du, "hiri akordioak lortzeko helburuz eta proposamenez betea, oinarri argi batetik abiatuta: gure lehentasuna beti izan da eta izango da ahulenak babestea, ez bakarrik osasun-krisian, baita datorren krisi ekonomikoan ere". Helburua argia da: inor ez dadila atzean geratu".

Koalizio subiranistak zazpi ekimen aurkeztu zituen krisiaren lehen bi hilabeteetan. Ekimen horietako batzuk hauexek: gizarte-larrialdietarako poltsa bat sortzea (funtsean, gero Berreraikuntza Plana izan zenaren finantzaketa-esparrua eta lehentasunezko helburuak finkatzen zituena), mugikortasun jasangarria errealitate berrira egokitzeko jarduera katalogoa, tokiko merkataritzari laguntzeko bonuak edo kultur arlorako plan bat. (Atxikitako gehigarrian daude 7 proposamenak).

"Ekintza instituzionalaren batasun printzipioa errespetatu dugu, baina gobernua kontrolatzeko betebeharrari uko egin gabe", azaldu du Asironek. Eta, horren harira, honako hau iragarri zuen: "Azalpenak eskatu ditugu, eta, ziur asko, erantzukizunak eskatu beharko ditugu eskuineko hirukoak hainbat akats eta inprobisazio egin dituelako, besteak beste, Mekaren kudeaketa iluna, udal-langileen kudeaketa okerra, osasunerako babes ekipamenduak eta norbera babesteko ekipamenduak berandu eman izana, laguntzen ukazioa eta prebentzio-zerbitzuekin hasi duen gatazka". Azken gai horren inguruan, EH bilduko bozeramaileak salatu duenez, "Kudeaketa gatazkatsu horren atzean ezkutatzen dena zera da: eskuinak atzera egiteko duen nahia, auzoek beren baliabideak izatea oztopatu nahi dute".

Proposamen ugari lehenengo bederatzi hilabeteetan

Osasun krisiaren aurreko 9 hilabeteak aztertzen ere jardun du Asironek prentsaurrekoan. Horren harira, "EH Bilduk legealdi honen hasieran proposatu genituen hiru helburuei jarraitu die, eta horiek izango dira hemendik aurrera ere gidatuko gaituztenak: Gobernu taldea kontrolatzeko ariketan eraginkorrak izan gara; arduratsuak eta eraginkorrak izan gara oposizioko gainerako taldeekin akordioak lortzeko gai garrantzitsuenetan, hala nola mugikortasunean, kulturan, gizarte-laguntzetan, berdintasunean edo merkataritzan, baina baita gobernu taldearekin hiri-itunak hala nola krisiari aurre egiteko neurriak sustatzeko orduan. Eta oposizio konstruktiboa egin dugu, proiektuak berriak proposatuz ".

"Legegintzaldiaren hasieratik argi genuen ez ginela besoak gurutzatu eta gobernuaren ekintza kritikatzera mugatuko. Indar bizia izan nahi dugu, eraikitzen duena eta lan egiten duena, gobernuan gaudela edo oposizioan", laburbildu du. Lan hori irudikatzeko, EH Bilduren bozeramaileak zifra batzuk eman ditu (eranskina): 2019ko ekainetik 2020ko martxoaren 14ra bitartean ohiko 7 osoko bilkuretan oposiziotik etorritako 19 mozio eztabaidatu ziren, eta horietatik % 57.8 koalizio subiranistak sinatu zituen. Epe berean, EH Bilduk 78 proposamen aurkeztu zituen Udalak dituen hiru batzordeetako baten aurrean; guztira eztabaidatu ziren ekimenen (117) %66,6a alegia. "Aldi horretan ere, Udalak hiru araudi berri egiten hasi zen, Apustuen Lokalak Arautzeko Ordenantza berria, Protokoloaren Ordenantzaren berrikuspena eta Tokiko Merkataritzarako Ordenantza Proposamena eta hirurak EH Bilduren proposamenak izan dira”, gaineratu du Asironek. Denbora horretan bertan aldaketaren legealditik zetozenez gain, proiektu berri bat soilik planteatu dela gogorarazi du: Errautsen Lorategia alegia, eta hori ere EH Bilduren proposamena izan da".

Euskarafobia, sektarismoa eta akordioetara iristeko ezintasuna, Mayaren gobernuaren ezaugarriak

Eta EH Bilduren jarduera horren aurrean, Asironek bost oztopo handi aipatu ditu Enrique Mayaren gobernuan. Lehenik eta behin, "ez dute gehiengoak agintzen duena onartzen, aldebakartasunetik eta hauteskunde promesak interes orokorraren gainetik jarriz". Pio XII.a, Aita Moret, Erorien Monumentua edo Haur Eskolen afera horren adierazgarri dira, baita "gehiengoak hartutako erabakiak sistematikoki urratu dituztela ere, adibidez ondare immateriala babesteko planaren kasuan edo txirrindulan aritzen diren udaltzainak berriz ezartzean, Mugikortasun Elektrikoko Planean edo emakumeen aurkako indarkeriari buruzko prestakuntza-planean ere".

Bigarren akatsa aldaketaren gobernuak egindakoa iraultzeko duten "obsesioa" da: "Mugikortasun arloan atzera egin dute eta auto pribatuari mesede egin diote; Kulturan ere atzera egin dute Hiriartea proiektua bertan behera utziz; memoria historikoan ere atzera,  Armada etorbidea izena edo erregeen koadroak berrezarriz; partaidetzan eta berdintasunean, bitartekoak eta langileak murriztuz, auzo mailan prebentzio-ekipoak deusezten ari dira, eta jasangarritasunaren eremuan ere energia merkaturatzeko enpresa desegin dute". Opakutasuna eta gezurrak dira Na+en kudeaketaren hirugarren ezaugarria, adibideak adibide: "Comiruñako dietak, alkatearen soldataren igoera, izendapen askeko karguen gehitzea edo Labriteko Pasabidearen eta Haur Eskolen inkestaren inguruko gezurrak".

Euskarafobia Mayaren gobernuaren laugarren ezaugarri nagusia da. "Haur Eskoletan lehengo egoera itzultzea, Euskararen Ordenantzari murrizketak egitea, hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak kentzea, Pirritx eta Porrotxen jarduna debekatzea, kultur programazioan murrizketak egitea edo Partaidetza Ordenantza euskarazko 4 hitz zituelako baztertzea" dira horren adibide. "Herritarren zati handi bat baztertzen ari dira eta hainbeste urtez boterean egotea ahalbidetu zien liskar girora itzultzea", laburbildu du Asironek.

Azkenik, "paralisia, inprobisazioa eta ideia-falta ere bere nortasun-ezaugarriak dira. Amaya kalean gertatutakoa adibide argi bat besterik ez da, baina udal langileen kudeaketaz ere hitz egin genezake, baita prebentiboekin egindako kontratuez, Sanferminen kudeaketaz, autobus geltokiko eski pistaz edo bizikleten gaineko zerga proposamenaz ere". “Paradoxikoa da paralisi horrek Aldaketaren Gobernuaren proiektuak usurpatzera behartu dituela, proiektu horien aurka bozkatu bazuten ere: Argal eraistea, Amabilizazioa, Emakumeen Etxea edo Txantreako hegoaldeko parkea dira horren adibide".

"Jarduteko modu honek ondorio nabaria du: akordioak lortzeko gaitasun eza, eta hori herritarren kalterako da. Maya, alkate izan den bost urteetan, ez da aurrekontu bakar bat onartzeko gai izan, eta eskuinaren obsesioen eta jarrera sektarioaren preso izan da ", laburbildu du Asironek.

Legegintzaldiko bigarren urterako bost lan ildo

Legegintzaldiko bigarren urterako EH Bilduren lan ildoen laburpenarekin amaitu du agerraldia Asironek. Etxebizitza, berdintasuna eta justizia soziala; auzo-plana; Enplegu soziala-Jasangarritasuna; Mugikortasuna - Klima Aldaketa; kultura-hezkuntza-hizkuntzanormalizazioa eta memoria historikoa izango dira EH Bilduren bost jarduera-ardatzak, helburu nagusi batekin: "Eskuineko hirukoaren alternatiba izateko estrategia politikoan jarraitu eta sakontzea".

Horretarako, koalizioak lau helburu nagusi hartu ditu hizpide: hirian inbertsio sozial eta aurrerakoiak gauzatzeko itunak eta gehiengoak bilatzea; kaleko eztabaidak udaletxera eramatea hiroei irtenbidea eman ahal izateko; berrikuntzaren aldeko apustua gidatzea eta hiria dinamizatzen duten erakunde eta pertsonekin elkarlana sakontzea, betiere agenda soziala eta ingurumena lehenetsiz.

"Garai gogorrak eta ezegonkorrak datoz, baina, gure hiria hobetzeko eta geure burua hobetzeko aukera ere badugu. Eta hori egiteko bitarteko ezin hobeak ditugu. Hiri dinamikoagoa, solidarioagoa, berdeagoa, eskuzabalagoa, pausatuagoa izateko aukera dugu. Eta EH Bildun aukera hori gidatuko duen  indarra izan nahi dugu. Hori lortzeko lanean jarraituko dugu, gogo eta ilusio berarekin ", esan du Asironek.