AKTUALITATEA


| 2020-07-23 13:02:00

Koalizio subiranistak mugikortasunaren alorrean hiri-itun bat egiteko eskaintza berretsi du, "batasuna, adostasuna eta erantzukizuna" oinarri hartuta

"Inprobisazioa, planifikazio txarra, kalitate tekniko falta eta aldebakartasuna”. Lau hitz horiek definitzen dute eskuineko hirukoaren mugikortasun-politika. Politika horrek funtsezko proiektu batzuk geldiarazi eta atzeratu ditu, Labriteko aldapa kasu, eta beste batzuk  korrika eta presaka egitera behartu ditu, hala nola Amaya kaleko bizikleta-erreia, bizikleta-tarte berriak aldebarkatasunez lehenestea, eta, orain, Barcinaren bizikleta-erreien politikara itzultzea, ez soilik erreiak espaloietara igoz, baizik eta bereguneak hautsiz.  Horrela baloratu du EH Bilduk Armadaren etorbidea eta Baiona etorbidea bidegorri batez lotzeko  proiektuaren aldaketa. Aldaketa horrek, taldeei aldez aurretik galdetu gabe eta Mugikortasun Batzordean eztabaidatu gabe, aurreikusita zegoen galtzadako bizikleta-erreia Antoniuttiko zuhaizti-eremura lekualdatzen du. "Lardaskeria berri bat, eta honekin lau lardaskeria jarraian egin dituzte”, laburbildu du koalizio subiranistak.

Proiektu Estrategikoetako Mugikortasuneko eta Jasangarritasunako alorretik eman den azalpenak agerian uzten du, batetik, Fermin Alonso zinegotziak zuzentzen duen arloak inprobisazioaren bidez funtzionantzen duela, eta bestetik, eskuineko hirukoaren diskurtsoak ez duela inolako sinesgarritasunik mugikortasun lanei dagokionean" esan du EH Bilduk. Izan ere, koalizio subiranistak gogora ekarri ditu eskuin erregionalistak joan den legegintzaldian egindako kritikak: "Erdigunea atsegin egiteko lehenego faseko lanak goitik behera deskalifikatu zituzten behin behinekoak zirelako, eta orain haiek behin behineko lanak egiten dituzte, beraien txapuzak estali nahian”.

Hala eta guztiz ere, EH Bilduk berriro egin dio eskaintza eskuineko hirukoari mugikortasunaren eta jasangarritasunaren arloan hiri-akordioak lortzeko. Akordio horien oinarria honakoa izango litzateke: erabakiak hartzeko orduan aldebakartasuna ekiditea, adostasunak bilatzea eta Mugikortasun Batzordea eztabaidarako foro gisa erabiltzea. "Talde guztiok dugu biharko Iruñea hiri  jasangarri eta eredugarria izateko ardura, eta lan hori batasunetik, adostasunetik eta erantzukizunetik soilik egin daiteke. Eskuineko hirukoa egiten ari den guztiz kontrakoa eginez, alegia”.