AKTUALITATEA


| 2020-01-23 14:47:00

Irungo EH Bilduk eta PSEk 2020ko aurrekontuetarako 5,2 milioi euroko aurrekontu akordioa sinatu dute. “EH Bilduren zeregina beti izan da herritarren bizi-baldintzak hobetzea eta horretarako proposamenak egin izan ditugu. Aurrekontu akordio honek azaroan EH Bilduk aurkeztu zituen zuzenketak jaso ditu, ia bere osotasunean”, azaldu du Jokin Melida EH Bilduko bozeramaileak. Prentsa agerraldian parte hartu dute baita ere Oihana Briones EH Bilduko zinegotziak eta, PSEren aldetik, Jose Antonio Santano alkateak eta Miguel Angel Paez alkateorde eta ogasun delegatuak.

 

PSEk eta EH Bilduk lortutako adostasunean, etxebizitzarena da akordioak jasotzen duen bloke nagusia, ia 4,5 milioi eurokoa. Horren bidez, alokairu publikoko etxebizitza parke garrantzitsua sortuko da lehen aldiz Irunen. Etxebizitzarekin jarraituta, Emigrazio eraikinaren erabilera zehazteko prozesu parte hartzailea egingo da eta bertatik ateratzen den proiektua gauzatzeko konpromisoa ere adostu da. Gazteentzako emantzipazio neurriak ere martxan jarriko dira.

 

“Energia Berdeari erreparatzea ezinbestekoa da bizi dugun aldaketa klimatikoaren garaiotan eta horretarako Energia Berdearen agentzia sortuko dugu eta trantsizio ekologikorako neurriak martxan jarriko ditugu”, adierazi du Melidak.

 

Bestalde, berez garai zailak bizitzen ari diren Irungo merkatarientzat eta “ikusita Zaldunbordako proiektuarekin tematuta jarraitzen duela Hondarribiako EAJk, benetan garrantzitsua iruditzen zaigu Irungo merkatarientzat diru-laguntzak jasotzeko irizpideak zabaltzea eta diru kopurua handitzea”.

 

Aipatutakoez gain, liburutegietan eta eskoletan euskararen erabilera sustatzeko neurriak adostu dira eta, memoria historikoari dagokionez, 36ko gerratik honako ikerketa, dokumentazioa eta katalogazioa egingo da datozen urteetan.

 

“EH Bilduk erakutsi du arduraz jokatzen duela eta herritarren interesak alderdien interesen aurretik jartzen dituela. Akordioetako edukiak aztertzen ditugu, onuragarriak diren ala ez, eta horren arabera hartzen ditugu erabakiak. Gauza bat argi dago: herri bezala aurrera egiteko eta jendearen bizi-baldintzak hobetzeko baldin bada, EH Bildu hor egongo da”, erantsi du Melidak.