AKTUALITATEA


| 2026-05-27 18:29:00

Urteak dira Israelek giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea modu sistematikoan urrazten dituela, eta azken urtean, mundua begira egon den bitartean, inpunitate osoz Gazako herriaren aurkako sarraskia egikaritu du, zuzenean ikusi dugun palestinarren aurkako genozidioa.

Milaka pertsonen erailketa, gizarte zibilaren aurkako bonbardaketak, familia osoen desagerrarazteak, kazetari eta bolondresen erailketak, hiri eta auzoen suntsitzea, ospitale eta oinarrizko azpiegituren txikitzeak, nahitaezko lekualdatzeak, gosetea, etab. Aurrekaririk gabeko hondamendi humanitario baten eragile izatea ez da nahikoa izan, ordea, Israelgo estatua bakartu, eta bere presentzia gainontzeko herrialdeetako espazio publikotik kanpo uzteko.

Beste hainbat ekimen eta kirol frogetan gertatu den bezala, asteburuan Irunen ospatuko den Europako OCR txapelketan kirolari israeldarren presentziaren berri izan dugu. Azken egun eta orduetan Irungo Udalean kirolari horiek frogatik kanporatu eta gure hirian Israelgo Estatuko ordezkaritzarik ez onartzeko eskaera exijitu dugu. EH Bildutik, horrelako egoeren aurrean erabaki horiek hartzeko aurrekariak badaudela gogorarazi nahi dugu, horren adibide, Ukrainako gerraren harira Errusiari ezarri zaizkion debekuak.

Gaurkoan, Israelen bidegabekerien aurrean, Euskal Herriko instituzioei irmotasunez jokatzea dagokigu. Bide horretan, txapelketako antolatzaile zein erakunde laguntzaileei, eta zuzenean Irungo Udalari, Israelgo herriarekin duten edozein lotura hautsi eta Israelgo kirolariak txapelketatik kanporatu ezean froga bertan behera uzteko eskaera egiten diogu, ez baitago genozidio baten aurrean konplizitaterako tarterik, ez eta beste alde batera begiratzerik.

Irunen, 2026ko maiatzaren 27an