AKTUALITATEA


| 2022-05-23 10:05:00

Ostiral honetan, Irungo Udaleko osoko bilkuran, kreditu modifikazioa izango dute eta Irungo EH Bilduk tokiko ekonomia solidarioaren gaia mahai gainean jarri du, bide honetan bi zuzenketa proposatuz. 

"Tokiko garapenari indarra emanez, Ekonomia Solidarioa eta Kooperatibismoa politika publikoetan txertatzeko Plan Estrategikoa proposatu dugu. Planak hiru helburu izango lituzke; batetik Irunek kooperatibismoaren ikuspegitik tokiko garapenerako duen potentziala identifikatzea, bestetik, udalaren politika publikoak ikuspegi honetatik ebaluatzea eta azkenik, lurraldeko agenteen arteko estrategia komuna osatzea. 

Honekin lotuta Udalaren kontratazio/erosketa arduratsua zehazteko ikerketa proposatu dugu udalaren gastu publikoaren azterketa egin ahal izateko, eta zentzu horretan, tokiko garapena indartuko duen neurri berriak identifikatzeko."

Azkenik berehalako itzulpenerako 2 aparailu erostea ere proposatu dute, Palmera Montero gunean gorde eta Irungo elkarteek antolatzen dituzten ekimenetan itzulpenerako
aparailuak eskuragarri izan ditzaten. Horrek elkarteei eta euskarari ekarpen handia egingo liokeela adierazi dute.