AKTUALITATEA


| 2024-05-31 18:25:00

EH Bilduk kreditu aldaketara 10 zuzenketa aurkeztu zituen, eta horietatik bi erretiratu ostean, azkenean zortzi izan dira udalbatzan defendatu dituenak. Proposamen horien helburu nagusia auzoetan identifikatutako gabeziei konponbide bat bilatzea izan dela diote, Irungo auzoei begirako lanketa oso bat abiatu ostean.

Hala, EH Bilduren ekimenez, 2024.urtean honako proposamen hauek gauzatuko dira:

  1. Irungo haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetako patioak birmoldatu eta auzoetan integratzeko azterlana egiteko 15.000 euro.
  2. Urdanibia auzoari eta Anaka auzoari zerbitzua emango dion Haur Txoko berri bat, Urdanibia auzoan. Bertatik egindako eskaera bat izan dela argudiatu dute, eta proposamena onartu ostean guztira 26.000 euro bideratuko dira Haur txokoa martxan jartzeko materialaren erosketarako, eta zerbitzuaren kudeaketaren kontraturako (iraila‐abendua bitarte).
  3. Katea Landetxa auzoko industrialdeetako aparkalekuak bizilagunek erabiltzeko alternatibak argitzeko azterlana egiteko 15.000 euro.
  4. Kultur aniztasun, inmigrazio eta bizikidetza Planaren garapena egiteko, 15.000 euro.
  5. Olaberria Bailaran baratza komunitario baten kokapena eta kudeaketa zehaztuko duen azterlana egitea. Larreaundiko Auzo Planean jasotzen den eskaera honi erantzuteko, 15.000 euro bideratuko dira.
  6. Udaletxeak Komunitate energetikoen sorrera bultzatzeko beharrezkoak diren baliabideen azterketa juridiko eta teknikorako 5.000 euro.
  7. Irungo Euskal kultur ekimenen egoeraren diagnosia egin eta horien biziraupena bermatzeko prozesu parte hartzaile baterako 25.000 euro.
  8. Auzo elkarteetatik liburuak erosi eta baliabide eta gailu informatikoetarako 17.000 euroko dirulaguntza.

Akordioa balioan jarri duten arren, EH Bilduk ez dio kreditu aldaketa osoari baiezko bozkarik eman, eta puntu honetan abstenitu egin da; "Abenduan esan genuen aurrekontuak ez zuela gure hiri eredua ez isladatzen eta gaurko kreditu aldaketa honek ere ez, besteak beste, Irun auzoetatik eta herritarrekin batera eraikitzea ezinbestekotzat jotzen dugulako. EH Bildutik lanean jarraituko dugu, gure ereduarekin bat egiten duten ekarpenak bultzatzen eta irundarrentzat onura ekarriko duten proposamenak herritarrekin, eragileekin eta gainontzeko talde politikoekin landu. Bide horretan adostasunak bilatzen jarraituko dugu.”