Irun

Albisteak

Irungo EH Bilduk kontziliazioan laguntzeko diru-partida sor dezala eskatu dio Udal Gobernuari


| 2021-05-14 12:39:00

Koronabirusak sortutako osasun-egoera dela-eta, Udalak eskaintzen dituen udalekuen plaza kopurua nabarmen murriztu da aurten, talde txikiagoak egin baitira segurtasun-neurriak betetzeko. Eskaintza publikoaren murrizketari aurre egiteko Udalak aisialdirako aukera berriak sortu ezean, klub eta eragile desberdinen lanari esker beteko da hutsune hau.

Irungo Udaleku programan zein Solas Jolas programan ez dira plaza nahikorik eskaini zegoen eskaera guztiari erantzuteko, eta ondorioz, ehunka haur plazarik gabe gelditu dira. Haurrek merezi duten udaz eta aisialdiaz disfrutatu ahal izateko kanpoan gelditu diren familiek eskaintza pribatuak bilatu behar izan dituzte, horrek suposatzen duen, eta askok ordaindu ezin duten, gastuarekin.

Beraz, bigarren urtez, familiei uda honetako kontziliazioa erabat zaildu zaiela ohartuta instituzioek paper aktiboa jokatu behar dute familia eta lanaren bateratzea ahalbidetzeko, eta modu berean, Irungo haur guztien ongizatea bermatzeko.

Hala, Irungo EH Bilduk eskaera zehatza luzatzen dio Udal Gobernuari: udako hilabeteetan familientzako kontziliaziorako diru-laguntza partida bat sor dezala. Neurri honekin udaleku publikoen plaza kopururen jaitsiera konpentsatzeko. Udal eskaintza zabaldu ezean, dirua ez dadin oztopo izan bestelako eskaintzetara jotzeko orduan.

Diru-laguntza honekin, familien kontziliazioan laguntzetik harago, hala nahi duten haur guztiek aisialdi eskaintza eskuragarri izatea bilatzen dugu- Izan ere, haurrekin adiskidetsua izan nahi duen hiri baten Udal Gobernuak, haurrek hirian dagoen aisialdi eskaintzara sarbidea izango dutela bermatu behar du.

Pandemian zehar askotan familia eta haurrak ahaztuta gelditu dira, baita haien beharrak ere, ez ditzagun Irungo familiak bakarrik utzi. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da.