AKTUALITATEA


| 2022-04-13 14:31:00

Kirolak Irunen duen garrantziaz jabetuta dago EH Bildu. Horregatik, Kirolaren Plan Estrategiko bat proposatu dute, egungo udal politikei begirada integrala emateko funtzioa beteko duena.

Urte hasieran “Irungo etorkizuna lantzeko erakunde arteko lan ildoak” izenburuko dokumentu bat aurkeztu zuen Udal Gobernuak eta kirolaren gaiari eutsiko dion plana bertan txertatzea eskatu diote gobernu koalizioari.

 Hiru ardatz aurreikusten dituzte: eskola kirola, udal instalazioen berrikuspen eta optimizazioa, eta Irungo kirol klubekiko harremana.

Eskola kirolean Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol bakoitzaren berezitasunak kontutan hartzea beharrezkoa dela adierazi dute, “klub batek haur batentzat bideratu behar dituen baliabideak desberdinak dira kirolaren arabera”. Honekin batera ohikoagoak direnak ez ezik, eskualdean pisua duten kirolak ere sustatzea eskatu du talde ezkertiarrak. Azkenik, eskola kirolean nesken parte hartzea sustatzen jarraitzea proposatu dute. Zentzu honetan Irungo Udalak, EH Bilduren ekimenez, gaiaren gaineko ikerketa egin berri duela gogoraraziz.

Bigarren ardatza, Irungo Kirol instalazioena izango litzake. “Irunen kirol baliabideak ditugun arren, herritarrek zein klubek horien falta dagoela salatzen dute. Egungo eta eraikitzeke dauden baliabideen optimizazioa lantzea ezinbestekoa da”. Hala, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Irungo ikastetxeetan dauden kirol instalazioen erabilera jendarteari irekitzea eskatu dute.

Azken ardatza, Udala eta kluben arteko elkarlanarena. “Irungo kirol taldeek egiten duten lana goraipatzekoa da, herritarron osasun, aisialdi, gizarteratze eta kontziliaziorako ezinbesteko lana egiten dute. Plan honen arabera, Udalak klubekin sinatutako hitzarmenak elkarlanean aztertu eta behar berrien aurrean erantzunak adostu beharko lituzkete”. Ildo beretik, kirol taldeek gainerako instituzioekin dituzten harremanetan Udalak laguntza zerbitzu bat eskaintzea ere aurreikusi dute.

“Zinez uste dugu plan honekin Irungo kirol talde eta kirolarien beharrak modu egokiagoan erantzungo direla, irundarrei kirola egiteko espazio gehiago eskainiko zaizkiela eta eskola kirolak merezi duen bultzada izango duela” azpimarratu du EH Bilduk.