Irun

Albisteak

Irungo EH Bilduk eta EAJk euskara eskakizuna malgutzea eskatzen duen mozioa erretiratzeko eskatu diogu Elkarrekin Podemos- Ezker Anitza-IU ri


| 2021-10-28 09:26:00

Ostiral honetan egingo den ohiko udalbatzako gai zerrendan hizkuntza eskakizunen gaineko araudian euskaldun pasiboak ofizialki aitortzea eskatzen duen Elkarrekin Podemos- Ezker Anitza-IU taldeak aurkeztu duen mozioarekin egin dugu topo. Finean, ekimen horrek lanpostu publikoetan euskara eskakizuna malgutzea eskatzen du.

Irungo EH Bildu eta EAJren iritziz hau atzera pausu garbia da. Ulertezina da gure hirian euskarak duen egoera jakinda, eta eragileen aldetik zein instituziotik urte hauetan guztietan egin den ahalegina ezagututa euskara bultzatzearen kontrako norabidean aritzea.

Esan gabe doa aurkeztu zaigun ekimen hau Irungo Udalak onartuta duen euskararen normalkuntza planaren helburuekin bat ez datorrela, are gehiago, planteatzen denak euskara lan hizkuntza izateari oztopoak jartzen dizkio.

Guk garbi dugu euskararen normalizazioak babes juridiko irmoa behar duela eta instituzio eta alderdi politikoen partetik begirunea eta babesa. Zentzu honetan, euskararen gaineko legeei egin beharreko edozein aldaketa ahalik eta adostasun handienarekin egin behar dela defendatzen dugu, betiere hizkuntz eskubideak bermatzeko helburuarekin. Agerikoa da aurkeztu den mozioak ez duela ez batarekin ez bestearekin betetzen.

Hori dela eta,  Irungo EH Bildu eta Irungo EAJ/PNV eta udal taldeek Elkarrekin Podemos Ezker Anitza/ IUri mozio hau erretiratzeko eskatzen diogu