Irun

Albisteak

Irungo EH Bildu Pasquier-Recondoren aferaren harira


| 2021-04-27 12:37:00

Egun hauetan, Pasquier-Recondo enpresak eta Irungo udalak ostiraleko plenora sinatzera eramango duten hitzarmena da hizpide. Hitzarmen honen bidez, enpresak Azken Portun okupatzen dituen lurrak birkalifikatuko ditu udalak, eta 200 etxebizitza eraikitzeko operazioari irekiko dio bidea.

Operazio horretan ere, Pasquier-Recondo enpresako langile-batzordeari entzun diogunez, hamarnaka lanpostu galduko dira gure hirian, eta Landetxako lantegira doazen langileen lan baldintzek okerrera egingo dute.

Esan gabe doa egun Pasquier-Recondoren jabetzakoak diren Azken Portuko lur horiek balio natural handia dutela. ZEC (Zona de Especial Conservación) eta ZEPA (Zona Especial de Protección de Aves) sailkapena dute, eta zalantzarik gabe, gure ondare naturalaren parte dira.

Azken egunotan gaiak izan duen oihartzun mediatikoa handia izan da. Batetik talde ekologistek eta bestetik langileen ordezkariek hainbat komunikabidetan operazio honen aurkako posizioa jakinarazi dute.

Irungo EH Bildun garbi daukagu honelako gatazken aurrean interes publikoa gailendu behar dela. Beti esan dugun bezala, Irunek dituen hain balio handiko ondare naturaletan ezer egiten hasi baino lehen, ondo pentsatu behar da bertan zer egin, ezin baita onartu horrelako guneak betiko hipotekatzea. Gainera, hain eremu garrantzitsuaren aurrean gaiaren gainean dauden eragileen eta hiritarren iritziak kontrastatzea ezinbestekoa ikusten dugu.

Gure ustez negoziazio prrozesu guztietan parte hartzea eta gardentasuna lehentasunezko faktoreak izan behar dira. Hori dela eta, udal gobernuan dauden bi taldeei eskatu nahi diegu ostiral honetan eztabaidara eramango duten hitzarmena BERTAN BEHERA UZTEKO, eta gainerako udal taldeekin, talde ekologistekin, oro har, bizilagun guztiekin komunikazio kanalak irekitzeko.