AKTUALITATEA


| 2022-06-27 16:50:00

Irungo EH Bilduk Udal Gobernuari eskatzen dio 2022an Alardearen aferan atzerapausorik ez ematea.

"Azkeneko bi urteetan ez dugu Alarderik izan, urte gogor hauetan izandako egoeraren beste ondorio latz bat. Denok dakigu ordea egoera zailetan, galerak dauden lekuan aukerak ere sor daitezkeela. Alardean emakumeen partehartzearekin eta udalak gai honekin duen ardurarekin horrelako momentu batean gaudela garbi dugu. Elkarrizketak eman badira ere egungo Udal Gobernuko alderdiek aukera paregabea galtzen ari dira berdintasunean aurrerapausoak emateko.

Zentzu horretan, garaiz gaude oraindik aurten aurrerapausoren bat emateko. Orain aste batzuk hiru planteamentu egin ziren publikoki; botoa alderdi guztiek modu bateratuan egitea, udalak eta zehazki alkateak balkoian Alarde parekideari harrera egitea eta udalak Alardea antolatzea. Elkarrizketak elkarrizketa ekainaren azkenetan gaude eta ez da hauetako bakar bat ere adostu. Irungo EH Bildun uste dugu badela garaia festetan berdintasunarekin konpromiso garbia erakusteko, eta konkretuki, gai honekin modu arduratsuan jokatzeko. Irungo udala eta udaleko ordezkariak parekidetasunean eta berdintasunean oinarritzen den festa batekiko babesa emateko ordua iritsi da. Ez dugu zentzu honetan atzerapausorik onartuko.

Festetan Indarkeria matxista egoerekin ardura handia dagoen garai hauetan, agresio kasuek gora egin duten garai hauetan, instituzioei eta alderdi politikoei jarrera garbi eta irmoa erakustea egokitzen zaigu. Berdintasunarekin gaudela ozen esan eta gure jokaerek hori erakutsi beharko lukete.

Horregatik, hiru konpromiso eskatzen dizkiogu Udal Gobernuari:

  • Irungo Udalak Alarde Parekideari harrera egin diezaiola.
  • San Martzial ermitan egingo den botoan ordezkari publiko guztiak egoteko neurriak har ditzala, ordutegia egokituz.
  • Datozen urteetan Alardea udalak antolatzeko pausoak eman ditzala.

Ausardia eskatzen diegu gure udala osatzen duten alderdi politiko guztiei eta udalbatza osatzen dugun zinegotzi bakoitzari berdintasunarekin dugun konpromisoarekin arduratsuak izan gaitezela."