AKTUALITATEA


| 2024-11-24 11:44:00

Etxebizitza politikari eman dio lehentasuna koalizio subiranistak, azken urteetan egindako apustuari jarraituz.

“Etxebizitzari dagokionez, azken urtean egoerak okerrera egin duela argi dago eta guretzako premiazkoa da udal aurrekontuetan etxebizitza politiken aldeko apustu garbia egitea, are gehiago, eremu tentsionatuan bizi garela frogatu den honetan.”

Horretarako, IRUNVIk berezkoa duen erosketa eskubidea egikaritu eta udalak 2025.urtean merkatura ateratzen diren etxebizitza publikoak erostea nahi du EH Bilduk, etxebizitza publikoak eraikitzen diren bitartean alokairuzko etxebizitzen parke publikoa handitzeko. Horretarako, 2 miloi euroko diru partida proposatzen dute.

Bestetik, auzoetako bizitza indartu eta hiri deszentralizatuago baterantz aurrera egiteko zuzenketak jaso dituzte.

"Urteak daramatzagu bestelako hiri eredu bat aldarrikatzen eta aurrekontuei begira ere bide horretan jarraitzen dugu; Irun deszentralizatuago bat nahi dugu, auzoetara zerbitzuak gerturatu eta bertakoen bizitza kalitatea hobetu. Bide horretan ere, auzo desberdinetan aurrera eramateko proposamen zehatzak jaso ditugu."

Honako hauek dira EH Bilduk auzoetarako egin dituen proposamenak: Anaka, Landetxa, Behobia eta Artian auzo bulegoak ireki eta gizarte ongizate zerbitzua gerturatzea, Urdanibia Berriko haurtxokoaren jarraipena bermatzea, Dunboa eskolako patioa auzora irekitzeko proiektua egikaritzea, Anakan plaza berri bat sortzeko azterlana egitea, Korrokoitzeko eremu berria eta Arbes auzoa lotuko dituen zubia, edota Urdanibia plazako kapilla Kafe Antzokira bilakatzea.

Hirugarren ardatza kirol azpiegiturena da. Irunen kirol azpiegituren behar handia dagoela azpimarratu du EH Bilduk, eta egoeraren diagnostikoa aspaldi esku artean izan arren, udalak identifikatutako behar desberdinei erantzunik eman ez diela salatzen dute.

“EH Bildutik badakigu Irunen kirolaren garrantzia izugarria dela, eta hirian harro egoteko moduko kirol-sarea dugula, kirol modalitateen aniztasun handia duena, eta horietan tamainako kirolariak ditugula. Baina kirol azpiegituren beharra agerikoa da, bai kirol kluben eguneroko lanerako, bai herritarren kirol praktikarako. Udalak behar horiek ezagutzen ditu, baina ez die erantzunik ematen, ezta azpiegitura berrien plangintzarik egiten. Zentzu honetan, behar desberdinei erantzuteko proposamenak egingo ditugu aurrekontuetan."

EH Bilduk hiriaren mendebaldean hirugarren kiroldegi bat eraikitzeko diru partida sartzeaz gain, Iparralde-Gal eremua birgaitu eta kirol azpiegitura berriak egiteko proiektu baten azterlana proposatuko du.