AKTUALITATEA


| 2023-04-13 12:13:00

2022.urtean Irungo EH Bildutik Erabilera Anitzeko Pabiloi bat eraikitzea proposatu genuen hiriak kirol azpiegituretan duen eskaintza eskasiari erantzun bat emateko. Proposamen horren helburua Irungo kirol klubei zein herritarrei kirolaren praktikarako espazio estali gehiago eskaintzea zen, udalak berriki egindako azterlan batek salatzen duen bezala. Horrez gain, gure hirian dagoen kultura eskaintzaren gabeziari ere aurre egin nahi genion, kontzertu eta bestelako ekitaldietarako leku apropos bat eraikiz. Garai hartan Udal Gobernuak proposamenaren aurka egin zuen arren, pozten gara azkenean aintzat hartu delako.

Izan ere, espazio honek erronka desberdinak mahaigaineratzen ditu; mugikortasunari dagokionez, hiria inguratzen duten errepide eta trafikoaren gaineko hausnarketa egitea ezinbestekoa da, garraio publikoaren indartzea funtsezkoa izateaz gain, hiriaren kanpoaldean aparkalekuak egiteko beharra ere azaleratzen baita. Hau guztia oraindik onartu gabe dagoen PMUS-ean txertatzea beharrezkoa da gure taldearentzat, beraz, orain arte landutako testuari proiektu honen nondik norakoak gehitzea eskatzen diogu Udal Gobernuari.  


Proiektu berri honekin batera, ezinbestean hiriko kirol-azpiegituren erabileraren gaineko diseinu berri bat egin beharko genuke, zaharkituta dauden azpiegiturak berrituz, berriak sortuz, eta kirol praktikarentzako espazioak errespetatuz, hain justu, gaur gaurkoz kirol klub desberdinek zein herritarrek eskatzen ari digutena.

Dena den, Irungo EH Bilduk azken urtean erabilera anitzeko pabiloia proposatzeaz gain, Kirolaren Plan Estrategikoa ere aldarrikatzen jarraitu izan dugu, eta berriro ere, Estrategia hori diseinatzeko eskatzen diogu Udal Gobernuari. Horrela bakarrik lortuko dugu egungo eta etorkizuneko beharrei epe luzerako ikuspegi batetik erantzutea eta gure hiriak merezi dituen azpiegiturak eraikitzea.