AKTUALITATEA


| 2025-01-07 10:04:00

2024 urtea urte oparoa izan da EH Bildurentzat; hauteskunde ziklo luze bati emaitza historikoekin amaiera eman genion pasa den apirilean, 5.945 bozkekin Irungo bigarren indarra izateraino. Lehenik eta behin, zita hauetan guztietan jaso dugun babesa bihotzez eskertu eta balioan jarri nahi dugu.

Udalari begira jarriz gero, urteak aldaketa nabarmenak ekarri dituela esan dezakegu; alkate eta udal gobernu talde berria osatu da azken hilabeteetan. Aldaketek aukera leihoak irekitzen zituztela esan genuen urte hasieran, eta errelebo horiek aprobetxatuz, hilabete hauetan gure taldetik bestelako hiri eredu baterantz aurrera egiteko lan egin dugu eta azken urteetan pilatu diren hainbat gai eta proiektuei irtenbideak bilatzeko.

Hainbatetan gure helburua lortu dugu;  Irungo etxebizitza politiketan norabide aldaketa garbi bat ematea lortu dugu, babes publikoko etxebizitzen, eta batez ere, alokairuzko etxebizitza piblikoen aldeko apustua egin da aurten, eta 2025ean Irun gune tentsionatu izendatzearekin batera, lan horri jarraipena emango diogu etxebizitza oinarrizko eskubide gisa bermatua izan arte. Hortaz gain, Udal Gobernuarekin lortutako akordioei esker, dagoeneko onartua izan den progresibitatea errealitate bilakatuko da irungo familia eta auzokideentzat; udal tasen eta zergen ordainketa errentaren araberakoa izateko sistema indarrean egongo da aurrerantzean, tasa batzuetatik hasi eta urtez urte zabalduko dena. Azkenik, hiritar eta eragile askoren urteetako aldarrikapenen ostean Oinaurreko hirugarren anbulatorioa egi bilakatuko da.

Izan ere, beste hainbat gaietan inertziazko kudeaketa egin dela ikusi ahal izan dugu, eta herri erronkei etorkizunera begira erantzun beharrean inongo erabakirik hartu gabe erantzun zaiela, besteak beste, alardean, euskal kulturgintzan azaleratu den ezinegonean, kirol azpiegituren plangintza faltan, edota euskararen babesari dagokionean.

EH Bildutik lan handia egin dugu inertzia horiei aurre egin eta beste hiri eredu baterantz bidea egiteko, eta zentzu honetan aurrekontuei egindako proposamenetan herritarrentzat garrantzitsuak diren gaiak landu ditugu, hala nola, etxebizitza, auzoak eta kirol azpiegiturak, besteak beste. Aurrekontuen eztabaidarekin gertatutakoak udal gobernuari hausnarketa bat egitera eraman beharko lioke; zein da udal gobernu honen hiri eredua? 

Aurrekontuen atzerapena ez da Udal Gobernu honek aurten izan duen hutsegiterik handiena. Gobernu honen erronka nagusia eta hiritarrei zuzenean eragiten diena, beste instituzioek Irunekiko duten apustu falta da. Beste urte batez, Txenpereneako atletismo pisten proiektuak, Irungo Areto Moldakorrak edota Hego Sahiesbidearen bigarren faseak ez dute finantziazio nahikorik. PSEk eta EAJk Irunen babesten dituzten arren, haiek gobernatzen dituzten beste instituzioetan ez dute horien aldeko apusturik egin, eta kaltetuak, betiere, hiritarrak izaten jarraitzen dute. Hori izan da, aurten ere, Irungo EAJren eta Irungo Sozialisten gabezia nagusia.

Hala ere, legegintzaldia luzea da eta oraindik garaiz gaude gure hiriak dituen erronkei anbizioz eusteko, eta hiri hobe baterantz bidea egiteko. EH Bildutik lanean jarraituko dugu bide horretan aurrera egin eta akordio zabaletara iristeko.