Irun

Albisteak

EH Bilduk lortutako akordioari esker, 2 milioi euro gehiago egongo dira irundarron ongizatean inbertitzeko


| 2021-03-17 09:24:00

2020 urteko udal aurrekontuak inflexio puntu bat suposatu zuen, EH Bilduren zuzenketei esker, herritarren beharrak inoiz baino presenteago egon zirelako. Ia 6 milioi euroko akordioa lortu genuen udal gobernuarekin, besteak beste, alokairuan etxebizitza parke publikoa egiteko.

Aurten, gehiengo absolutua duen gobernuak aurkeztu zuen aurrekontu proposamenak ez zion bizi dugun krisi egoerari erantzuten. Gure zuzenketei esker 2 milio euroko akordioa lortu dugu irundarron ongizatean laguntzeko. Etxebizitza publikoan eta irundarren beharretan inbertitzeko. Hala, gure abstentzioarekin aurrekontu sozialagoa lortu dugu.

Iaz ikusi zen bezala, etxebizitza EH Bilduren ardatz nagusietako bat da, etxebizitza baita bizitza duina izan ahal izateko oinarria. Aurten lortutako akordioari esker Behobia auzoan kokatuta dagoen Lastaola Postetxearen eremua biziberrituko da eta etxebizitzak eraikiko dira alokairu publikoan.

Krisiak hainbat sektore gogor kolpatu ditu. Hala nola autonomoak, merkatariak, kuturgileak, taxilariak, ostalariak...Une gogorrak bizitzen ari dira eta baldintza zailetan ari dira euren jarduna aurrera eramaten. Akordioari esker 100.000 euro gehiago egongo dira laguntzen jarraitzeko. EH Bildutik krisiak kaltetutako sektoreen ondoan egongo gara, sektore horien aldeko plan estrategikoak bultzatzen.

Krisi garaiotan are eta nabarmenago da udalak beharrak dituzten herritarretatik gertu egon behar duela. Udal zerbitzuak auzoetara eramateko lehen pausoak emango dira aurrekontu akordioari esker. Gure taldetik lanean jarraituko dugu udal zerbitzuak herritarrengana hurbiltzeko eta auzoei dagokien garrantzia emateko.

Gizarte ongizatea da akordioak duen beste ardatz garrantzitsu bat. Lortutako akordioari esker ZUBIA dispositiboa eguneko 24 orduetan irekia egongo da abendura arte, bazterketa sozialean dauden pertsonei bideratutako tailer okupazionalak martxan jarriko dira eta babesgabetasun egoeran dauden haurrei bideratutako programa abiatuko da. Irungo EH Bilduk lanean jarraituko du herritar guztiek bizi baldintza duinak izan ditzaten, eta batez ere, inork kalean lo egin behar ez dezan.

Irungo EH Bildutik argi dugu ez direla guk egingo genituzkeen aurrekontuak eta ez gaituzte asetzen. Eta lanean jarraituko dugu irundarren beharrak politika publikoen erdigunean jar daitezen. Baina COVID19-ak baldintzatutako urtean irundarron ongizatea aurrekontuetan txertatzea lortu dugu. Izan ere, berriro ikusi denez, EH Bildu akordioetan dagoenean irundarron bizi-baldintzak hobetzen dira.