Irun

Albisteak

Bidasoko EH Bilduk ostalaritzaren aldeko neurriak proposatu ditu


| 2021-06-04 13:52:00

Bi hilabete igaro dira Txingudiko Zerbitzuak mankomunitateko batzarrak ur eta zabor tasen salbuespenak onartu zituela erabat ixtera behartuak izan diren establezimendu eta zerbitzuentzat. Hala, egoera honetan daudenek (batez ere gaueko aisialdiko establezimenduei, entsegu aretoei eta elkarte gastronomikoei eragiten die) ez dituzte ur eta zabor tasak ordainduko itxierak irauten duen bitartean.

Bidasoko EH Bildun bat egin genuen neurri horrekin, baina motz geratzen dela uste dugu. Hori dela eta, 2021. urtean, ur eta zabor tasen salbuespena 3. mailako establezimenduei aplikatzea eskatzen dugu, beti ere, horien fakturazioa %50 baino gehiago jaitsi bada 2019. urteko hilabeteetako datuekin alderatuta. Fakturazioa horrenbeste jaitsi ez dutenentzat tartetako jaitsiera planteatzen dugu, adibidez, %25etik %50era fakturazioa jaitsi dutenentzat %50eko hobaria aplikatzea.

2. mailako establezimenduentzat tartetako hobari sistema bat planteatzen dugu, fakturazioaren jaitsiera datuen baitakoa. Hala, fakturazioaren jaitsiera %0tik %25era bada, %25eko hobaria porposatzen dugu; jaitsiera %25etik %50era bada %50eko hobaria, eta jaitsiera %50etik gorakoa den kasuetan %95eko hobaria.

Azken egunetan neurri murriztaile batzuk malgutu diren arren, ostalaritzak ezin du bere eguneroko jarduna ohiko baldintzetan garatu: ordutegi eta aforo murriztuak dituzte, esaterako. Eta honek egoera larrian utzi ditu establezimendu asko. Gaueko aisialdiaren kasuan, hilabeteak pasa beharko dira normaltasun berrira egokitzeko.

Beraz, Bidasoko EH Bildun, berriz ere, ur eta zabor tasen salbuespenak zabaltzea eskatzen dugu, batez ere, neurri murriztaileak indarrean dauden bitartean.